Hondakinen kudeaketa koordinatzeko plana abiaraziko du Eusko Jaurlaritzak

Egoera ekonomikoak behartuta egitasmo batzuk «lehenetsi» behar direla azaldu du Oregik, AHTa kasu

Ana Oregi, ezkerretik hasita bigarrena, legebiltzarkideekin solasean, atzo, Ingurumen Batzordera sartu aurretik. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko otsailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko politikak koordinatzeko tresna abiaraziko du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak legegintzaldi honetan. Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak asmo horren berri eman zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Era berean, erakunde publiko horrek berak 2006an plan hori onartu zuela gogorarazi du, hiru foru aldundiekin batera «hondakinen kudeaketarako esparrua» finka zezaten. Ildo horretan, eta PPren galderei erantzunez, atez ateko hondakinen bilketa aukeran beste sistema bat dela dela azaldu zuen Oregik: «Ez da ez ona, ez txarra; ikusi behar da non eta nola jartzen den sistema bakoitza».

Hondakinak kudeatzeko esparruaz gain, Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak legegintzaldirako dituen ildo estrategiko nagusien berri eman zuen sailburuak, betiere egoera ekonomikoaren eragina nabarmenduta.

Ingurumena

«Arreta» 'fracking'-arekin

Oregik haustura hidraulikoari buruz duen jarrerari eutsi dio Eusko Legebiltzarrean. Gasa erauzteko teknika hori «arreta handiz» jarraitzen ari direla azaldu du, eta gaineratu, bere ustez, behar besteko bermea ematen ez duen teknika dela. Naturguneetan dauden harrobien araudia hobetze aldera, gai hori jorratuko duen Eusko Legebiltzarreko lantaldeari lankidetzan jardutea proposatu dio.

Garraioa

Egitasmoak lehenetsi behar

Egoera ekonomikoa gogora ekarri du Oregik egitasmoei buruz hitz egiterakoan, eta aurrekontu murrizketa dela-eta «lehentasunak» ezartzeko beharra dagoela nabarmendu. AHT abiadura handiko trena lehentasun horien artean sartu du, lurraldea «egituratzeko» tresna delakoan. Azpiegitura 2018rako prest egon daitekeela iragarri du, nahiz eta «abiadura handi» hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoa barruan baino ez den geratuko.

Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute lehenetsi tren azkarra, eta, horrenbestez, hiru herrialde horietatik ateratzen diren AHTek ezin izango dute «beren gaitasun osoa» baliatu. Nafarroako Legebiltzarrak ere «zalantzazko errentagarritasun ekonomiko eta soziala duten egitasmoak» aztertzeko batzorde txostengile bat sortuko du, atzo hala erabakita. EH Bilduk «gizarte zerbitzuak xahutzea eta hipotekatzea» egotzi dio Eusko Jaurlaritzari.

Bestalde, AHTa hiriburuetan sartzeko egitasmoak aurrera eramateaz mintzatu da Oregi; Gasteizko kasuan bezala, zeresana duten instituzioen arteko lantaldeak sortzeko eskatu du. Burdinbideko garraioarekin jarraituz, Donostialdeko trenbidea hobetzeko asmoa berretsi arren, «Donostialdeko Metroa» deiturikoaren zatiak «ezinezkotzat» jo ditu. «Ez ditugun kredituak konprometitu ditugu lan horietan».

Gainontzeko egitasmoei buruz, Pasaiako portuaren egungo azpiegitura zaharberritzen zentratzeko asmoa dutela agertu du, eta erantsi du ildo horretatik ez duela «desbideratu» nahi.

Aireportuen alorrean, Forondako, Loiuko eta Hondarribiko aireportuen jardunari buruzko plana abiaraziko dutela gaineratu du. Forondako aireportuaren baliagarritasuna ere nabarmendu du, bai salgaien garraiorako, baita pertsonenerako ere. «Ez dugu ulertzen zer gertatzen ari den Forondarekin; Espainiako Sustapen Ministerioari lan ildoak aurkeztu dizkiogu hiru aireportuak baliatzeko». Halaber, aireportuen gaineko eskumenak eskatuko dituztela aurreratu du.

Lurralde Politikak

Erabaki guztietako ardatz

Legegintzaldirako egitasmoak «lurralde estrategien» arabera bideratuko dituela azaldu du Oregik; hala, hiru ildo nagusi aipatu ditu. Alde batetik, balio naturalen eta kulturalen aldarrikapena, eta hori ahalbideratuko duten araudia eta izapideak sinplifikatzeko asmoa agertu du. Bestetik, lurralde arteko osagarritasuna ere aipatu du; bide horretan, Bilboko eta Pasaiako portuen arteko lankidetza aukerak mahai gainean jarri ditu.

Azkenik, mugikortasun iraunkorra nabarmendu du, eta garraio publikoaren aldeko apustua goratu. Garraio mota hori sustatzeko, Oregik hitzeman du txartel bateratua lortzeko modua aztertuko duela, aldundiekin hitz eginda, eta orain abian diren egitasmoak aztertuta.

Azkenik, sail barruan zenbait aldaketa ere iragarri ditu Oregik. Zuzendariak %40 murrizteaz gain, langileen arteko parte hartzea ere sustatuko duela hitzeman du, eta dagoeneko horren aldeko pausoak eman dituela azaldu. Horretaz gain, «euskara normalizatzeko pausoak» iragarri ditu Oregik. «Euskarazko testuen produkzioa lortu nahi dugu, eta ez bakarrik gaztelaniazkoak euskaratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.