Hondarribiko Udalak erakunde adierazpen bat onartu du gaur, «azken astean herrian jazotako genero-indarkeria kasu baten berri» izan ondoren. Gaitzespenik gogorrena azaldu du Hondarribian izandako eraso matxista horren aurka, eta erasoa pairatu duen emakumeari elkartasuna eta laguntza eskaini dio. Udalak argitu duenez, indarkeria matxista kasu guztietan egin ohi duen legez, «baliabide guztiak jarri ditu bere esku, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere».
Hondarribiko Udalak, Berdintasun Mahaiarekin elkarlanean, elkarretaratzea egingo du bihar, larunbatarekin, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Herritar guztiei dei egin die parte hartzera. Gipuzkoako Foru Aldundiak deialdiarekin bat egin du.
Udalak azaldu duenez, gertatutako erasoaren berri izan bezain laster, indarkeria matxistaren aurkako lantalde teknikoa aktibatu dute, «informazioa jasotzeko, biktimari arreta egokia eman ahal izateko eta beharrezko koordinazioa ziurtatzeko».
Hori bermatu ondoren, Hondarribiko Udalak aho batez erabaki du «udalaren jarrera irmoa adieraztea, argi eta garbi esateko ez dugula inola ere onartuko emakumeen eskubideen aurka egiten duen erasorik». Horrekin batera, herritar guztiei dei egin die deialdi horretara batzera, «gaitzespen argia agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka».
Zarauzko erailketa gaitzetsi du
Bestalde, aurreko astean Zarautzen gertatutako erailketa matxista ere gaitzetsi eta salatu nahi du Hondarribiko Udalak, biktimaren senitartekoei eta haren gertukoei elkartasuna adierazteaz gain. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian izan den seigarren erailketa matxista izan da. 131 dira Euskal Herrian 2003tik erregistratutako hilketa matxistak.