Zarauzkoa hilketa matxista izan dela baieztatu du Ertzaintzak

53 urteko emakume bat hil zuten herenegun gauean Zarautzen. Itaiak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak hilketa salatu dute, eta mobilizatzera deitu.

Zarautzen erailketa matxista salatzeko egin duten manifestazioa, gaur arratsaldean. GORKA RUBIO / FOKU
Zarautzen erailketa matxista salatzeko egin duten manifestazioa, gaur arratsaldean. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko urriaren 17a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

53 urteko emakume bat hil zuten asteazken gauean, Zarautzen (Gipuzkoa). Horrekin lotuta, 47 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, giza hilketa egotzita; Europa Press berri agentziak gaur goizean argitaratu duenez, gizona polizia etxean zegoen oraindik, epailearen esku gelditzeko zain. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erran duenez, berriz, hilketa matxista izan dela baieztatu du Ertzaintzak.

Hain zuzen, Zarauzko Udalak deituta, elkarretaratze bat egin dute herriko Lege Zaharren plazan, 19:00etan; eta herriko hainbat eragilek —Morroxka talde feministak, Zarauzko Bilgune Feministak eta Urola Kostako Itaiak— manifestazioa egin dute ordu laurden geroago. Mobilizazioaren hondarrean eraildakoaren familia eta ingurukoei babesa eta elkartasuna adierazi diete antolatzaileek.

Gainera, erailketa eta indarkeria matxista oro gaitzetsi dute, erasoen aitzinean erantzutearen beharra nabarmentzearekin batera. «Erailketa matxistak ez dira kasu isolatuak, hau ez da ezbehar puntual bat izan. Antolaketa sozial oso batek baimentzen du indarkeria adierazpen txikienetik lazgarrienera». Are, indarkeria matxista «lehen mailako arazo soziala» dela gogoratu dute, eta horren neurriko erantzunak behar direla erran: «Norbanako bezala eta era kolektiboan errotik moztu behar dugu indarkeria baimentzen duen adierazpen oro».

Antolatzaileek indarkeria matxistaren kontra lanean jarraitzeko konpromismoa berretsi dute: «Gure bizitzen aldeko apustu irmoa egin nahi dugu: antolatuz, saretuz eta elkarrekin borrokatuz».

Gaitzespena

Erakundeek atzo salatu zuten hilketa, eta bestelako taldeek gaur adierazi dute gaitzespena: Itaia emakumeen antolakunde sozialistak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, hilketa salatu, eta babes osoa helarazi diete eraildakoaren senide eta gertukoei.

Hain zuzen, antolakunde sozialistak ezinbertzekotzat jo du indarkeria matxistaren kontrako borroka indartzea, eta nabarmendu du ezin dela onartu indarkeria hori normalizatzea. «Matxismoa gogortzen ari den honetan, posizionatzeko garaia da. Emakumeok jasaten dugun indarkeria eta zapalkuntza ikusita, bi aukera ditugu: matxismoaren konplize izaten jarraitu edo matxismoaren aurka borrokatu», adierazi dute. 

Itaian borrokaren aldeko hautua egiten dutela adierazi dute: «Eraso matxista orori aurre eginez, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatuz eta gizartean indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia zabalduz». Hortaz, hilketa matxista salatzeko mobilizazioetara batzeko deia egin dute, eta gogoratu Euskal Herriko hainbat txokotan deialdiak egin dituztela: Gipuzkoan, batetik, Azpeitian, Azkoitian, Beasainen, Legazpin, Tolosan eta Zestoan; Nafarroan, bertzetik, Altsasun eta Iruñean; eta Bizkaian, azkenik, Gernika-Lumon.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxakoek, berriz, adierazi dute «nazkatuta, nekatuta eta haserre» daudela, eta gogoratu hilketa eta eraso matxistak ez direla «gertakari bakanak», «sistema oso batek ahalbidetzen duen indarkeria» baizik. «Indarkeria hori bizitza osoan jasaten dugu emakumeok, emakume izate hutsagatik. Izan ere, ez da kasualitatea gizonak izatea emakumeak sistematikoki erailtzen dituztenak, eta ez alderantziz», erran dute. 

Hala, erran dute «urgentziazko mekanismoak eta erabakiak» behar direla «errealitate gordin» horri aurre egiteko, eta erakundeei eskatu diete ardurak hartzeko. «Indarkeria matxistaren aurkako neurri eta inbertsio errealak behar ditugu: egiturazko arazo bati aurre egiteko, egiturazko aldaketak behar dira, eta horretarako borondate politikoa exijitzen dugu». Era berean, gizarteko «jarrera konplizeak» salatu dituzte, eta nabarmendu indarkeria matxista ez dela soilik erasotzaile jakinen erantzukizuna: «Erasotzaileek, erasotzaile izateko, konplizitate sare oso bat dute atzean, egiturazko konplizitate eta jarrerekin eraikia, inpunitate osoz». Adierazi dute beharrezkoa dela sare horiek haustea.

131 hilketa 2003tik

Denera 131 emakume hil dituzte gizonek 2003tik. Haietako sei, aurten: ekainaren 7an, gizon batek andrea hil zuen Malagan (Espainia); emakumezkoa Bilbokoa zen. Apirilaren 25ean Haron (Espainia) izandako hilketa matxistaren biktima Gasteizkoa zen, eta bikotekideak hil zuen, 46 urteko gizonezko batek, labana sartuta. Urtarrilaren 3an, 63 urteko gizon batek ama hil zuen, Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia) —biktimak 84 urte zituen—. Otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta.

Gainera, maiatzaren amaieran 43 urteko gizon batek bere 13 urteko alaba hil zuen, eta, ondoren, bere buruaz bertze egin, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera. Uztailean, berriz, 85 urteko gizon batek emaztea hil zuen —emakumeak 78 urte zituen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.