Hondarribiko alarde baztertzailearen aldekoek utzi egin dute konponbiderako elkarrizketa prozesua

Udalak, Jaizkibel konpainia parekideak eta HAOSEk parte hartu dute, eta Baketik erakundeak egin ditu bitartekaritza lanak. Urtebete baino gutxiago iraun du.

Jaizkibel konpainia, iazko alardean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Jaizkibel konpainia, iazko alardean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Jakes Goikoetxea - Irati Urdalleta Lete
2026ko abuztuaren 24a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hondarribiko (Gipuzkoa) alardearen gatazka konpontzeko zubi gutxi daude, eta bat gutxiago dagoela jakin da gaur: HAOSE Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak —alarde baztertzailearen antolatzaileak— utzi egin zuen udalak HAOSErekin berarekin eta Jaizkibel konpainia parekidearekin abiatutako bitartekaritza prozesua. Baketik fundazioa zen bitartekaria prozesu horretan.

Irailaren 8an izango da Hondarribiko alardea. Udalak, bi aste lehenago, urtean zehar gatazka konpontzeko egindako urrats batzuen berri eman du, eta jakinarazi du bitartekaritza prozesua hankamotz geratu dela. Udalaren esanetan, iazko alardea amaitu eta aste batzuetara, urriaren 2an, udalak, Jaizkibel konpainiak eta HAOSEk hitzarmen bat sinatu zuten. Zertarako? «Alardearen inguruko gatazka sozialean elkar ulertzea eta konponbide partekatuak sustatzeko bitartekaritza prozesu bati ekiteko».

Bi aldeko elkarrizketak

Halako prozesu bat bideratzeko, udalak Baketik fundazioarengana jo zuen. Udalak nabarmendu du Baketik-ek urteak daramatzala Hondarribian lanean eta eskarmentua duela alardearen inguruko elkarrizketak bideratzen zenbait gunetan: bozeramaileen mahaian, erakundeen artean eta gizarteko topaketetan. Jaizkibelek eta HAOSEk Baketik-en bitartekaritza onartu zuten.

Baketik fundazioak bideratuta, bi aldeko elkarrizketak abiatu zituzten: bi bilera udalaren eta Jaizkibelen artean eta beste bi udalaren eta HAOSEren artean. Jaizkibelen eta HAOSEren arteko bilerarik ez. Prozesuaren «hasiera fasea» zela zehaztu du udalak.

Erakundeak uste du «aurrerapenak» izan zirela bilera horietan, baina ez ditu zehaztu. Bilera horiek egin eta gero, HAOSEk udalari jakinarazi zion utzi egingo zuela bitartekaritza prozesua. Udala «arduratuta» dago, «alardearen auzian egoera hobetu zezaketen bideak urratzen ari baitziren». Gehitu du «eragile bakoitzarekin» bildu dela, «egoera argitzeko eta hitzarmenarekin sortu zen prozesua zaintzeko». Udalak berriro ere elkarrizketak hastea nahi zuen, baina onartu du ez duela halakorik lortu.

Gaineratu du konponbide bat lortzeko bidean jarraituko duela. Udalarentzat «beharrezkoa» da elkarrizketaren alde egitea, «nahiz eta batzuetan elkarrizketarako baldintzak zailak izan». «Helburua», jarraitu du, «elkarrizketarako aukerak sortzea, alde guztiei entzutea eta etorkizunean konponbide partekatu baterako bidea egitea da».

Horrez gain, Baketik-ek bitartekaritzaz egindako gogoeta bat zabaldu du. Fundazio horren arabera, prozesuan egindako urratsek «erakusten dute badagoela borondatea iraganean izandako tentsio egoera alde batera utzi eta aurrera egiteko». Eragileek uste dute beharrezkoa dela «alardearen egoerak komunitatean dituen ondorioak lantzea» beren arteko desberdintasunak gorabehera.

Jaizkibel, elkarrizketarako prest

HAOSEk elkarrizketa prozesua etetea erabaki du; ez, ordea, Jaizkibelek. Konpainia parekideak BERRIAri adierazi dio ez dela halako zerbait gertatzen den lehen aldia. Alta, Jaizkibeleko kideek ziurtatu dute hizketan jarraituko dutela, orain arte egin duten bezala: «Planteatu zaizkigun elkarrizketa proposamen guztietan egon gara: udalak foroak jarri zituen martxan, mahai honekin saiatu zen... Gu denetan egon gara, eta egoten jarraituko dugu».

Jaizkibelek 30 urte beteko ditu aurten, eta, nabarmendu dutenez, hiru hamarkada igarota «formula berriak» aurkitu beharra dago, «hitz egiteko prest» daudenen artean hitz egiteko. Ezinbestekoa izango baita konponbiderako: «Giza eskubideen inguruko auzi bat da, eta, gainera, herritar gehienen borondatea konponbidearen aldekoa da».

Gutxieneko akordiorik ez

Denek borondatea eta premia izanda ere, emaitzarik ez. Hondarribian abian daude udal taldeen mahai bat, erakundeen arteko beste bat, herritarrekin solasaldiak antolatzeko dinamika bat eta berariaz gazteekin aritzeko beste bat. Igor Enparan alkateak ekainaren amaieran BERRIAn onartu zuen elkarrizketa bultzatuta ere emaitzak etsigarriak izan direla: «Hiru urte hauetan ez dugu topatu gutxieneko akordio baterako oinarririk, elkarrizketa franko egin ditugun arren. Eta batuko gaituen punturik gabe zaila da bide orri bat irudikatzea. Saiatu gara, saiatzen ari gara eta saiatzen jarraituko dugu».

Udala herritarrei mintzatu zaie, eta esan die alardeko gatazka konpontzeko prozesua ez dela soilik gizarte eragileen artekoa. Eragileen rolaz gain, «ezinbestekoa» iruditzen zaio herritarren parte hartzea: «Hondarribian bizi garenon ahotsa eta ikuspuntua ere gatazkaren konponbidearen bidean gehitzeko».

Irailaren 8an izango da alardea. Udalak lasaitasuna, erantzukizuna eta errespetua eskatu ditu.  

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA