Hondarribian, konponbide gosez

Azken urteetan mugimendu asko izan dira Hondarribiko alardearen inguruan, baina ez dira nahikoak izan gatazka konpontzeko. Bilakaera hori aztertu dute Jaizkibeleko, Guztion Alardeko eta Hondarribiko Udaleko ordezkariek.

Ezkerretik eskuinera, Izaskun Larruskain, Uxoa Anduaga, Telmo Sagarzazu eta Estitxu Urtizberea, Guadalupeko santutegiaren aurrean. JON URBE / FOKU
Ezkerretik eskuinera, Izaskun Larruskain, Uxoa Anduaga, Telmo Sagarzazu eta Estitxu Urtizberea, Guadalupeko santutegiaren aurrean. JON URBE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Hondarribia
2026ko ekainaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da edozein leku. «Guadalupeko zelaia da hau», azaldu du Izaskun Larruskainek, «toki berezia». Jaizkibel mendiaren bihotzetik Hondarribira (Gipuzkoa) begira mintzo da azken 30 urteetan herria zartatu duen auziaz: alardean emakumeek berdintasunez parte hartzeko eskubidearen ukazioaz. «Hemengo santutegian egiten zaio botoa Guadalupeko Ama Birjinari. Herriko bandera igotzen da, konpainia guztiak elkartzen dira, eta desfile bat egiten dute». Berak ezin du hor parte hartu, Jaizkibel konpainia parekideko kide baita: «Baina botoa egiteko unea da denok elkarrekin gauden une bakarra: mezan». «Kanpoan ere elkarrekin egoten gara. Lasaiago», gaineratu du Telmo Sagarzazuk. Andrazkoak soldadu gisa onartzen ez dituen alarde horretan ateratzen da, baina emakumeak nahi lituzke alboan, naturaltasunez. «Eguraldiak aukera eman duenean eta Jaizkibelekoak hemen egon direnean alardekoekin, kolore guztietako jendea ikusi dugu elkarrekin sagardoa hartzen. Irudi horrek islatzen du beste garai batean gaudela».

Irailaren 8an egiten da festa nagusia Hondarribian: alardea. Aurten 30 urte beteko dira 26 emakume Kale Nagusiko soto batetik atera zirenetik desfilean sartzeko, Irungo kideek ekainaren 30ean egin bezala. Ez zieten utzi, bortxaz erantzun zieten. Eta egun oraindik ez diete uzten, baina egoera ez da ordukoa bezalakoa: herritarren arteko harremanak baretu dira, eta, irailean tentsioa nabarmen areagotzen den arren, auziaren inguruan inposatu den isiltasuna hausten ari da azken urteetan, aldaketa politikoen eta eragile berrien eskutik.

«Beste garai horretaz» hitz egiteko, lau lagun elkartu ditu BERRIAk. Jaizkibeleko kideak dira Izaskun Larruskain eta Uxoa Anduaga; 1997an sortu zen konpainia parekidea, alardean sartzeko asmoz, eta oraindik hori du helburu. Hondarribiko alkateordea da Estitxu Urtizberea; Abotsanitz alderdiak, EH Bildurekin batera, aldaketa ekarri zuen 2023an udal gobernura, eta lehen aldiz zenbait pauso eman ditu Jaizkibel aitortzeko. Eta Guztion Alardea taldeko ordezkari da Telmo Sagarzazu; alardearen inguruko gazteek sortu zuten 2019an, andreek nahi bezala parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko: berriki 365ek ofizialki eskatu dute nork bere konpainian desfilatzeko aukera izan dezala.

Ibilbide eta estrategia diferenteak izan arren, laurak ari zarete sustatzen emakumeek alardean berdintasunez parte hartu ahal izatea. Are, azken urteetan izan diren mugimendu askoren eragileak izan zarete. Nola ikusi dituzue aldaketa horiek?

UXOA ANDUAGA: Alarde baztertzailekoak tematu izan dira historia zurien eta beltzen artean kontatzen, eta errealitatea pluralagoa izan zen hasieratik: bazeuden erakarpen polo batzuk, Jaizkibel eta emakumerik nahi ez zituztenak, baina gero bazeuden batean edo bestean kokatzen ez zirenak. Eta azken hamar urteetan, jende horrek elkargune propioak sortu ditu. Nik horrela ikusten ditut Guztion Alardea eta Saindua. Aldaketa nahi dugunontzat mugimendu horiek oso ongi etorriak dira, aniztasuna erakusten dutelako iritzietan eta, gainera, emakumeen parte hartzearen aldekoak direlako. Bakoitzak bere diskurtsoa du, bere publikoa eta bere mugak: Jaizkibel ez da iristen Guztion Alardea iristen den jendearengana; beraz, beste talde batzuk ateratzea zoragarria da.

IZASKUN LARRUSKAIN: Hasieran askok ez genuen ondo hartu; tartean, nik. Pentsatu nuen: «Hauek orain deskubritu dute emakumeek parte hartu ahal dugula?». Baina ulertzeko entzun egin behar da; eta haiekin elkartu eta gero, nire iritzia aldatu egin zen. Herrian batez ere betikoen diskurtsoa zabaldu da, eta guri ere ez zaizkigu iritsi beste diskurtso horiek. Eta beharrezkoak dira: zurien eta beltzen arteko gris horiek neutral egoten dira gatazketan, eta, ez badira mugitzen, berdin segituko dugu, horrek indarra ematen diolako botereari.

TELMO SAGARZAZU: Talde guztietan dugu aniztasuna; dikotomia horretan erortzeak mesede egiten die alardean emakumeak onartu nahi ez dituztenei. Guztion Alardea sortu aurreko urteetan, dikotomia hori oso indartsua zen, herria guztiz segregatuta zegoen. Gatazka hasi zenean herri olinpiadak desagertu ziren, eta, 2014an berreskuratu zirenean, niri mundu berri bat agertu zitzaidan: elkar ezagutzen ez genuen jende pila bat elkartu ginen. Orduan sare batzuk sortu ziren, eta hasi ginen elkarri esaten ez geundela eroso alardearen egoerarekin. Asko kostatu zitzaigun, baina prozesua oso interesgarria izan zen.

ESTITXU URTIZBEREA: Aldaketak ez dira beti ongi etorriak izan. Baina pozten nau denok ulertu izanak alde berdinean gaudela; hori indargune bat da. Noski, nik bi planotatik hitz egiten dut: oposizioan egon naiz, eta orain gobernuan nago. Baina Abotsanitzen hasi ginenean, orduan Alarde Fundazioa zenarekin bildu ginen, eta esan ziguten lehen aldia zela ezker abertzalea haiekin esertzen zena. Horixe egin dugu: nahia zuten guztiekin hitz egin. Eta orduan argi ikusi genuen jende asko zegoela bi eragile nagusietatik kanpo, eta sekulako lana zegoela egiteko. Baina ez da beti erraza izan: pausoak ematea zigortzen da.

«Inkestaren emaitzak ez dira agertzen irailaren 8an kalean. Gehienak emakumeen alde daude, baina mugitzen denak zigor bat jasotzen du»

IZASKUN LARRUSKAIN Jaizkibeleko kidea

ANDUAGA: Niri amorru berezia ematen dit oraindik publikoki agertu edo antolatu ez den sektore handi horrek. HAOSEk [Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartea] egiten du alardea, baina alardearen puska handi bat ez da HAOSE, eta puska handi horrek jarraitzen du HAOSE balitz bezala jokatzen. Gero gizon batzuk ateratzen dira tokiko hedabide batean, esanez deseroso daudela. Ba, egin urrats bat. Haien esku dago indar handi bat: keinu batek balantza aldatzea ekarriko luke. Iaz udalak egindako inkestako datuen arabera, herritarren %56 daude alarde parekide eta bakarraren alde; eta bada sektore gogor bat, herena, ez duena inoiz iritzia aldatuko. Ekuaziotik heren hori kentzen badugu —badakigulako ez direla inoiz aldatuko—, gelditzen direnen artean gehienak jada badaude emakumeen parte hartzearen alde. Beraz, kontzientziazioari dagokionez beste ezer gutxi egin daiteke. Zer falta da? Praktika, posizionatzea, gune seguruak sortzea, antolatzea...

LARRUSKAIN: Inkestaren emaitzak ez dira agertzen irailaren 8an kalean. Gehienak emakumeen alde daude, baina mugitzen denak zigor bat jasotzen du. Eta denok dakigu nondik datorren zigor hori. Baina ez bada zerbait egiten zigor horren kontra, ez badugu horretaz hitz egiten... honek berdin jarraituko du. Nik uste dut benetan oraindik jendea beldurrez dagoela posizionatzeko, keinu txikienek ere ondorio bat dakartelako. Baina, funtsean, alardeko gehienei berdin zaie zein daukaten ondoan: ondo pasatu nahi dute. Guk ere bai.

SAGARZAZU: Nik presa daukat, nahi dut hau berehala konpontzea. Baina errealitatea da dena doala oso mantso. Ez dut uste gaia geldirik dagoenik: mugimenduak gertatzen dira denbora guztian. Horregatik, Uxoak aipatu dituen elkarrizketak oso modu positiboan baloratzen ditut, elikatzen dutelako herriaren sektore bat, justu isilik egon dena, eta orain ahotsa hartzeko gune bat aurkitu duena. Eta sekulako eragina dauka haiek hori publikoki esateak eta gero denak elkarrekin alardean ateratzeak.

HONDARRIBIKO ALARDEA
Anduaga, Larruskain, Sagarzazu eta Urtizberea, mahaiaren bueltan. JON URBE / FOKU
Telmo, zuk zeuk alardean jarraitzen duzu. Zergatik?

SAGARZAZU: Tentsio handiko uneetan pentsatu izan dut ezinezkoa zela jarraitzea. Guztion Alardean gertatzen ari da emakume gehienak Jaizkibelen daudela, soilik hor desfila dezaketelako; eta gizon asko pixkanaka alardea uzten ari direla. Nik ikusi dutgarrantzitsua dela hor segitzea, hain justu dikotomia hori ez indartzeko.

URTIZBEREA: Gure diskurtsoa ere asko aldatu da horri lotuta: lehen pentsatzen genuen jendea alardetik atera beharko zela, eta orain uste dugu gelditu behar direla, eta espazio hori aldarrikatu.

SAGARZAZU: Mundu guztiak ez du horrela ikusten, baina nik, oraintxe bertan, bai.

ANDUAGA: Nik ere bai.

LARRUSKAIN: Nik ere bai.

Eta badago alardearen barruan, konpainietan, honi buruz hitz egiteko aukera? 

SAGARZAZU: Oso zaila da. Niri gustatuko litzaidake batzar batean gaia ateratzea eta denok esatea emakumeak desfilatzea nahi dugula. Eta kito. Baina hori ez da gertatuko luze gabe, nire ustez; ez gaude puntu horretan. Badira mikromugimenduak. Baina, aldi berean, HAOSEK onartu izana disidentzia bat daukala etxean eta elkarbizitza egotea alardearen barruan, niretzat hori bada aurrerapen bat. Eta urtez urte hori indartzen ari da, gainera. Hor Saindua oso inportantea izan zen.

Saindua mugimenduak zera proposatu zuen, konpainia misto bat sortzea alardean sartzeko, baina ez zedila Jaizkibel izan. Nola hartu duzue Jaizkibelen?

LARRUSKAIN: Nik ez nuke onartuko egun konpainia misto bat sartzea alardean eta Jaizkibel ez. Orain dela hamabost edo hogei urte, igual bai; hasierako urteetan guk proposatu genuen Jaizkibel ez ateratzea neskak kuberoetan hasten baziren, adibidez. Baina 30 urteko ibilbidea daukagu, Jaizkibel gure konpainia da. Beraz, konpontzen dugunean, zergatik ez dugu parte hartuko? Ez da bidezkoa.

ANDUAGA: Nik uste dut halako mugimenduetan inportanteena bidea dela, eta ez haiek markatzen duten helburua. Sainduakoek esaten badute muntatuko dutela konpainia misto berri bat, eta alardeko 22.a izatea nahi dutela, hau da, Jaizkibelek beti egin duen aldarria, aurrera. Zeren horrek berekin ekarriko ditu eztabaidak, galderak, mugimenduak... Gero ikusiko dugu guk ea haiek nahi dutelako desagertu behar ote dugun.

SAGARZAZU: Herri honetan badago errealitate gordin bat: emakumeen parte hartzearen alde daudenen artean ere, sektore batentzat Jaizkibel deabrua da. Eta batzuetan iruditzen zait Jaizkibel tresna bat dela HAOSErentzat, etsaiaren ideia elikatzeko, eta emakumeen parte hartzea atzeratzeko.

«Gustatuko litzaidake batzar batean gaia ateratzea eta denok esatea emakumeak ateratzea nahi dugula. Baina hori ez da gertatuko luze gabe»

TELMO SAGARZAZU Guztion Alardeko kidea

ANDUAGA: Elikatu behar duzu hori, zeren, muinera joaten bazara, legitimitate bera ematen ari zara nahiei eta eskubideei. «Niri ez zait gustatzen, eta orduan ezin duzu atera»? Ez: «Nik eskubidea dut, eta atera beharko nuke». Ez daude maila berean. Baina nola bilatzen dituzte haien aldeko argudioak? Besteen gauza txarrak azpimarratzen, gezurrak...

Dena den, zerbaiten falta sumatu dut eragile berrien artean: haien lehentasunak ez datozela bat Jaizkibelen lehentasunekin. Alde batetik, badago gatazka soziala, bizikidetzarena, eta bestetik, alardearen gatazka, emakumeen eskubideena. Biak daude lotuta, batek besteari eragiten dio, baina bi ekosistema desberdin dira. Jaizkibelek oso argi dauka: gu eskubideen defentsan joango gara. Baina eragile gehienek kontsentsuaren diskurtsora jotzen dute, elkarrizketaren esparrua lantzera, gero, ez dakit zenbaterainoko adostasuna lortuta, mugimenduak egiten hasteko alardearen gatazkan. Biak dira oso beharrezkoak, baina uste dut oso bakarrik gaudela eskubideen borrokan.

URTIZBEREA: Nik izan ditut kontraesan horiek. Udalean sartu ginenean, estrategian pentsatu genuen: zer egin dezakegu jendea ez gotortzeko alardeaz hitz egitean? Bizikidetzaren ildotik poliki lortu dugu. Baina berdintasun planaren bidez ikusi da non kokatzen duten gaia beste alderdiek: alardearekin lotutako bi jarduerak planetik kentzeko eskatu dute, badakitelako berdintasun arazo bat dela. Kontua da berdintasun arazo horrek gero eragina duela bizikidetzan, botere harremanetan... Eta udalean bi esparruak landu behar dira.

SAGARZAZU: Oso inportantea izan da udal gobernua aldatzea ere.

LARRUSKAIN: HAOSEk lehen aldiz kili-kolo ikusi du bere burua.

URTIZBEREA: Lehen aldiz ikusi dituzte mugak. Ordura arte dena izan zen haientzat, baina badaude beste herritar batzuk ere. Urtero galdetzen diegu ea Jaizkibelekoekin eseriko diren, eta beti esaten dute ezetz; ondorioz, udalak espazio publikoaren erabilera arautu behar du. Eta orduan bai, mehatxupean sentitu dira, zeren nolatan ez da izango dena haientzat?

Jaizkibel konpainiak alardetik aparte desfilatzen du irailaren 8ro. GORKA RUBIO / FOKU
Jaizkibel konpainiak alardetik kanpo desfilatzen du irailaren 8an. GORKA RUBIO / FOKU
Nola konpon daiteke gatazka hau, zuen ustez?

SAGARZAZU: Gatazketan beti egoten da negoziazio bat, baita elkar hiltzen ari diren tokietan ere. Hori izango litzateke modu bakarra: bi aldeek elkar aitortzea, eta puntu komun batera iristea, nahiz eta denok galduko dugun zerbait bidean. Ez dut ulertzen zergatik ez garen egoera horretara iristen.

LARRUSKAIN: Gatazketan, kaltetuak edo epaituak sentitzen dira aldeak, eta konponbide bat bilatzen dute. Baina haiek ez dute inoiz ondoriorik jasan, gustura daude dauden bezala, eta boterea daukate. Zertarako aldatu?

URTIZBEREA: Ez da erraza inorentzat: gaizki pasatzen dugu hemen gaudenok, eta gaizki pasatzen dute haiek ere. Eta konponbidea iritsiko bada, denok egon beharko dugu. Hemen gauden guztiok nahi dugu alarde bat, bakarra eta parekidea; beraz, elkar ulertu beharko dugu nolabait.

SAGARZAZU: HAOSEkoek badakite herrian mugimenduak gertatzen ari direla. Ez dakit zergatik ez duten ekimena hartzen haiek kontrolatzeko prozesu hau, negoziazioa, oraindik badutelako indarrahori egiteko. Eta hor... Jaizkibelen posizioa oso zaila izango litzateke. Ez da bidezkoa, baina ez dut uste lehen kolpean Jaizkibel alardean sartuko zenik; gerora uste dut baietz, baina hasieran ez.

ANDUAGA: Nik uste dut Jaizkibelek goia jo duela eragile gisa: ezin du gehiago egin. Jaizkibel da emakumeei herriko jaietan parte hartzeko lekua ematen dien eragile bakarra. Eta askotan Jaizkibel seinalatu egiten dute, esanez hau edo beste egiteko, gure bizkar balego bezala soluzioa. Eta ez: Jaizkibelek hartu du bere eremua, eta eskerrak, baina beste gune eta eragile batzuk sortu behar dira hau konpontzeko. 

«Denok dakigu non dagoen arazoa: emakumeok alardean desfilatzea lortzen badugu, demostratuko dugu espazio publikoa guretzat ere badela, eta zein geldituko da espazio pribatuan?»

ESTITXU URTIZBEREA Hondarribiko alkateordea
Baina ez dago negoziaziorik alde batek ez duelako eseri nahi, ezta?

ANDUAGA: Gu beti egon gara prest, eta beti ukatu zaigu.

SAGARZAZU: Gu eragile guztiekin elkartu gara, eta batzuetan tentsioa egon da, baina eutsi diogu harremanari; kostatzen zait ulertzea zergatik ez diren esertzen Jaizkibelekin.

URTIZBEREA: Azken finean, denok dakigu non dagoen arazoa: heteropatriarkatuaren oinarrietara joateak erresistentzia handiak eragiten ditu. Emakumeok alardean desfilatzea lortzen badugu, demostratuko dugu espazio publikoa guretzat ere badela, eta zein geldituko da espazio pribatuan?

ANDUAGA: Eta zeinek egingo dizu txalo? Zeinek prestatuko du bazkaria? Nork zainduko ditu umeak? Eta mozkortzera denak batera joango gara?

SAGARZAZU: Duela gutxi 1970eko hamarkadako alardearen irudi batzuk ikusi nituen, eta Kale Nagusiko espaloietan adinekoak zeuden. Pentsatu nuen izan daitekeela beldur hori kentzeko modua; zeren bada beldur hori, ea nork txalotuko gaituen. Eta Kale Nagusiak hartu duen joera ikusita, adinekoak hortik bota dituzte, ezin direlako joan bi egun lehenago tokia hartzera.

ANDUAGA: Dena den, atrebentziarekin, konponbideari buruzko galdera beste esfera batzuetara ere eramango nuke, Gasteiz aldera. Nire ustez, erakundeen aldetik badago babesgabetasun politikoa eta abandonu izugarria. Zer egin behar da? Berdintasun legea betetzen den bermeak eskaini, edo mugimenduak egin hori bideratze aldera. Ematen baitu herri honen arazoa herri honetako emakumeen arazoa dela; ez, emakume guztion arazoa da, eta gizarte osoarena. Hortaz, non daude? Non dago haien ekimena?

LARRUSKAIN: Igual oker nabil, baina uste dut udala ere bere pauso txikietan abandonatuta egon dela. Eta orain zen garaia: hainbat urtez udala ez da mugitu, eta orain, hasi denean, lagundu ezazu. Ikusi dugu udala aldatzea ez dela nahikoa, babesa behar dugu Donostiatik eta Gasteiztik.

«Erakundeen aldetik badago abandonu izugarria. Zer egin behar da? Berdintasun legea betetzen den bermeak eskaini, mugimenduak egin hori bideratze aldera»

UXOA ANDUAGA Jaizkibeleko kidea
Erakundeak eta alderdi politikoak inplikatu izan balira, egoera bestelakoa litzateke orain?

URTIZBEREA: Bai, herriko alderdi politikoek beste eremu batean kokatu izan balute hau, beste egoera batean geundeke. Baina gu gobernuan gaudenetik ere egin dugun guztiaren kontra aritu dira. Eta abandonua erabatekoa izan da. Gu oposizioan ginenean, Txomin Sagarzazuk [EAJ] berea jasan zuen; pandemian alardea bertan behera geratu zenean, haren aurka hainbat adierazpen egin zituzten, eta guk publikoki babestu genuen alkatea. Igor [Enparan, egungo alkatea] ez dute babestu, nahiz eta eraso fisikoak eta mehatxuak izan diren; udalbatzan nirekin esertzen direnek ez dute ezer esan.

SAGARZAZU: Estrategia bat egon da, pertsonala, haren kontra, oso biolentoa.

LARRUSKAIN: Botere handia dute, hasieratik utzi zaielako. Denbora asko pasatzen utziz gero zailagoa da gerora gauzak mugitzea. Eta orain ere ez da komeni gauza batzuk aldatzea, horrek agerian utziko lukeelako aurrekoek ez dutela egin.

URTIZBEREA: Denok nahi dugu hau azkar konpontzea, baina ezin da. Gauzak ondo egin behar dira, aurrerapausoak ezin dira alferrik galdu. Oso zaila da pazientzia falta hori kudeatzea, konponbide gosea guztiz ulergarria baita; baina orain inoiz baino zuhurragoak izan behar dugu.

UXOA ANDUAGA BERROTARAN (Hondarribia, 1986)

Uxoa Anduaga

  

«Hasieran, alardea nire herriko jaietako ospakizun nagusia zen; orain eskubide batzuk aldarrikatzeko borroka baten gudu zelaia da. Batzuetan ospakizun gisa bizi dut, baina oso presente dut Jaizkibelen daukadan rola. Txikitan ere neure burua alardean ikusten nuen: 7 urterekin edo, ikasgelako mutil guztiak kubero bezala [umeen rola] atera zirenean, pentsatu nuen: 'Datorren urtean, ni!'. Ez nuen ikusten diferentziarik, neskarik ez zegoela hor».

IzASKUN LARRUSKAIN ARBELAITZ (HONDARRIBIA, 1966)

Izaskun Larruskain

 

«Zortea dut, alardea gatazkaren aurretik bizi izan nuelako. Herriko jaieguna zen: familian elkartzen ginen, jaiak ederrak ziren eta nik asko maite nituen. Alardea ikustea gustatzen zitzaidan. Lagunek esan zidatenean txilibituarekin atera nahi zutela, hasieran pentsatu nuen ezinezkoa zela, baina gutxi iraun zidan horrek. Hasieran beldur handia eman zidan desfilatzeak, baina nire antza handia zuen emakume bat Irunen ateratzen zen, eta sekulako erasoaldia jasan nuen; orduan erabaki nuen ateratzea».

telmo sagarzazu flores (hondarribia, 1991)

Telmo Sagarzazu

 

«Alardeko nire lehen oroitzapenak kuberoz jantzita nengoenekoak dira, aitarekin, Gernikako Arbolatik korrika ateratzen, norbaitek esanda 'eskopetekin jotzen ari dira'. Bestela, oroitzapen onak ditut: alardea naturaltasunez eta gatazkatik urrun ospatu dut. Gatazkaz konturatzen joan nintzen unibertsitate garaian, politikoki kontzientzia hartzean. Eta kontzientzia horrek eraman nau Guztion Alardera. Niretzat alardea erritu bat da, ondare historikoarekin lotutakoa: altxor bat daukagu herrian. Komunitatea sortzen duen erritu bat izan behar luke alardeak».

ESTITXU URTIZBEREA SORZABAL (HONDARRIBIA, 1982)

Estitxu Urtizberea

 

«Aita irundarra dut, ama hondarribiarra, eta bi herrietan bizi izan dut alardea. Baina gatazka piztu zenean arazo bat bihurtu zen. Gurasoek jatetxe bat zuten, eta haien iritzi politikoengatik zigortu gintuzten: zerrenda beltz batean agertu ginen, boikota egin ziguten eta horrek arazo ekonomiko sakonak eragin zizkigun. Nerabezaroa ere bizirik irauteko garai bat izan zen. Zorionez, unibertsitate garaian arnasa hartu nuen, hemendik kanpo. Ez dut inoiz desfilatzeko gogorik izan, baina argi izan dut zerbait egin behar nuela nik pasatu nuen hura beste inork ez pasatzeko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA