Gizartea

Hondarribiko alarde egunean "ordutegia aldatzea" nahi du udalak

Txomin Sagarzazu alkateak gaur jakinarazi du asmoa: Jaizkibel konpainiako kideek diote ez dakitela deus

Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea. GORKA RUBIO, FOKU
arantxa iraola
2019ko abuztuaren 26a
07:09
Entzun

Gaur goizean egin du jakinarazpena Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk, jaien egitaraua aurkezte aldera deitutako agerraldian. "Lekuan ezinezkoa da kointzidentziarik ez izatea; denboran ez kointziditzeak lagundu egingo luke". Aurtengo herriko jaietako egun handian, irailaren 8an, usadioz egiten duten alardearen harira egiten diren bi desfileen ordutegiak "aldatzea" nahi dutela esan du.

Helburu jakin bat luke aldaketak, Kale Nagusian andreak era parekidean onartzen ez dituen desfilearen zain egoten diren pertsonek ez aurrean ikusi behar izatea andreak onartzen dituen desfile bakarra: Jaizkibel konpainiarena. Izan ere, bi hamarkada baino gehiago dira herri horretan andreak alardean parte hartzeko eskatzen ari direla, baina oraindik ez dute lortu desfile nagusian onartuak izatea, eta keinu itsusi artean desfilatu behar izan dute beti; urteak daramatzate, hain justu, plastiko beltzez inguratuta desfilatzen. Iaz gogortu egin ziren emakumeen kontrako keinu zatarrak, eta alkatearen proposamena horrekin lotuta dagoela dirudi.

Jaizkibel konpainiako kideek esan dute hedabideen bidez izan dutela aldaketa proposamen horren berri. Udalaren bidez desfilatzeko baimenik lortu ezin, eta urteak daramatzate Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako baimenekin desfilatzen, eta, aditzera eman dutenez, aurten ere jasoa dute ebazpena: iazko ordutegi bera onartzen diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.