Alardea eginen dute heldu den astelehenean, irailaren 8an, Hondarribian (Gipuzkoa). Desfile horretan espazio publikoaren erabilera arautzeko dekretua atera zuen udalak joan den astean, eta, bertan jasotzen denez, Jaizkibelek konpainia gisa desfilatuko du, bigarren urtez jarraian. Aurten ere bereizita desfilatu beharko du konpainia mistoak, alardearen antolatzaileek emakumeei ez dietelako uzten gizonen pare parte hartzen. Bada, udalaren dekretuaren kontrako helegitea aurkeztu zuen atzo HAOSE Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak, baina gibelerat bota du epaileak.
Igor Enparan Hondarribiko alkateak eman du horren berri, goizean egindako prentsaurreko batean. Enparanen irudiko, epailearen erabakiak argi utzi du udalak «modu egokian» lan egin duela, eta, gainera, «ontzat» jo du HAOSEk auzitara jo izana: «Horrek erakusten baitu legeak eta arauak onartzeko eta errespetatzeko borondatea» dagoela.
Enparanek ezinbertzekotzat jo du Gernikako Arbolan banatutako espazioak eta ordutegiak «zorrotz» betetzea. Izan ere, dekretuan ezarritako ordutegien arabera, Gernikako Arbola zelaidian topo egin beharko dute Jaizkibelek eta alardeko konpainiek —ordutegi horien kontra jarri dute helegitea, zehazki—, baina iaz ez zuten bete: alarde baztertzaileko buruzagiek propio saihestu zuten Jaizkibelekin topo egitea, ez ziren bertan agertu zegokien orduan, eta ondorioz, desfile baztertzailea berandu abiatu zuten. Aurten ere dekretua beteko ez balute zer gertatuko litzatekeen galdetuta, Enparanek adierazi du ez dela mintzatuko gertatu ez den zerbaiti buruz, baina sinesten duela herritarrek arduraz jokatuko dutela. Halaber, HAOSEko arduradunei eskatu die epailearen agindua bete dezatela, eta «udalaren zilegitasuna errespetatzeko borondatea» ager dezatela. «Ez litzateke arduraz jokatzea duela urte askotako garai ilunetara itzultzea», erran du.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiari ere eskaera egin die: lagun dezatela «oinarrizko eskubide guztiak errespetatzeko arazoak» konpontzen, bertatik bertara eta «modu serio eta zuzenean».
«Urrats ausartagoak»
Jaizkibel konpainia irmo mintzatu da asteon dekretuarekin gertatutakoaz, eta, ohar bidez, adierazi du testuaren kontrako salaketak «argi» erakusten duela «inposizio bakarra» HAOSEkoek ezartzen dutela. «Nahiago dute festarik ez egin, alarderik ez egon, emakumeokin espazioak konpartitu baino. Ahazten dute, ordea, festa ez dela beraiena, herriarena dela. Eta herritarren ordezkari gorena alkatea da».
Gehitu dute dagoeneko adierazi dutela ez daudela dekretuaren edukiarekin ados, «urrats ausartagoak» egiten ahal zirela uste baitute. «Baina nahiz eta ados ez egon eta hura kritikatu, ez dugu haren zilegitasuna auzitan jartzen», erran dute. Are, adierazi dute eskatutako ordu eta lekuetan egonen direla astelehenean eta igande arratsaldeko salbean eta aurreskuan. «Eta irailaren 9tik aurrera, konponbiderako elkarrizketa espazio guztietan egongo gara, udal gobernu taldearekin batera, baita konponbidea nahi duten herritar guztiekin ere», borobildu dute.
Hondarribiko Udalak «hasitako bidea» ontzat jo du arartekoak
EAEko Arartekoa «pozik» agertu da Hondarribiko Udalak alardearen auzian emandako pausoekin. Bigarren urtez, Jaizkibel konpainia gisa aitortu du alkateak dekretu bidez, eta, Ines Ibañez de Maeztu jarduneko arartekoaren ustez, udalak iaz «hasitako bidea» egonkortu du horrek: «Bereziki, baloratu egiten da herritar guztiek lekua izango duten eta emakumeen berdintasunerako eskubidea errespetatuko duten jaiak lortzeko bidean atzerapausorik ez emateko alkatetzak egin duen ahalegina».
Urtero bezala, Arartekoaren ordezkaria Hondarribian izango da astelehenean, Jaizkibel konpainia parekidea babesten. Prentsa ohar bidez adierazi duenez, udala aurrerapausoak ematen ari da, baina «aurrera segitu behar da emakumeen eta gizonen berdintasunerako eskubidea bermatzeko eta sexuagatiko diskriminazioaren debekua errespetatzeko funtsezko lege agindua erabat betetzeko bidean». Ildo berean, udaleko agintariei iradoki die «elkar ulertzea eta elkarrizketarako espazioak sustatzeko dagoeneko abian dauden ekinbideak sendotzeko». Erakunde publikoei gogora ekarri die, halaber, EAEko Berdintasun Legea betearazteko ardura dutela, eta, beraz, ez dela «onargarria» emakumeen parte hartzea ukatzen duen inolako kultura jarduerarik antolatzea.
Azken egunotan herrian zabaldutako tentsioa ikusita, alardea «gizalegezko giro lasaian» egiteko eskatu du udalak, eta dei horrekin bat egin du Ibañez de Maeztuk ere.