Hondarribiko jaietako ekitaldi nagusia egingo dute irailaren 8an, alardea, eta bertan aurten ere Jaizkibel konpainiak, mistoa den bakarrak, aparte desfilatu beharko du, alardearen antolatzaileek galarazia dietelako emakumeei gizonen pare parte hartzea. Hondarribiko Udalak (Gipuzkoa) lehengo astean atera zuen aurtengo desfilearen gaineko ebazpena. Iaz abiatutako bide berean, aurten ere Jaizkibel konpainia aintzakotzat hartu du dekretu horretan, eta, ondorioz, hautu parekidea abiarazi zenetik bigarrengoz, konpainia gisara desfilatu ahal izango du Jaizkibelek. Baina aurka daude alardearen antolatzaileak: dekretuaren kontrako helegitea aurkeztu du HAOSE Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak.
Alkatearen dekretuak propio alardea eta harekin lotutako ekitaldiak ospatzeko «bide publikoa okupatzeko» baimena arautzen du. Hondarribiko Udalak berak jakinarazi duenez, administrazioarekiko auzi errekurtso bat aurkeztu dute hautu baztertzailearen aldekoek. Udalaren arabera, helegitearekin batera, HAOSEk epaitegiari eskatu dio prozedura judiziala tramitatu bitartean dekretuaren indarraldia «eteteko». Alkateak esan du ebazpena ezagutu ostean egingo dituela erabakiari buruzko adierazpen publikoak.
Iaz ere egin zioten kontra udalari hautu baztertzailearen aldekoek. Alkateak ebatzitako dekretuaren kontra egin zuten alardearen aurreko egunetan, eta, ondoren, alarde egunean bertan, ez zuten konplitu ebazpenean jartzen zuena: berez, Jaizkibelek eta alardeko konpainiek Gernikako Arbolako zelaidian topo egin behar zuten desfilea abiatu aurretik, baina propio saihestu zuten hori alarde baztertzaileko buruzagiek, eta ez ziren han agertu.
Alardearen bezperan ere usadioarekin lotutako ekitaldi garrantzitsuak izaten dira Hondarribian, eta igande honetan Jaizkibelek lehenengoz parte hartuko du horietako hainbat ekitalditan. Salbean parte hartuko du, eta, ondoren, udalbatzako kideekin eta gainerako konpainietako ordezkariekin batera, Arma plazara joango da herritarrei eskaintzen zaien aurreskuan parte hartzera. Beste mugarri bat izango da bidean, eta adi erreparatu beharrekoa. Alarde baztertzailearen aldekoek zer jarrera duten ere ikusi beharko da; izan ere, iaz ekitaldi horiek baliatu zituzten udalak Jaizkibelen alde hartutako erabakien aurka zeudela adierazteko eta propio alkatearen kontra egiteko.
Hondarribiko alkate Igor Enparanek aurrez ere ezagutarazi izan du alardearen auzian aurrerabideak egin nahi izan dituenean pairatu izan duen jazarpena. Iazko urrian, esaterako, buzoiz buzoi, eskutitz bat helarazi zien herritarrei eta jakinarazi alardea egin aurreko egunetan hainbat herritarren jazarpena jasan zuela: txistuak, irainak, mehatxuak eta bera jotzeko ahaleginak izan ziren tartean. «Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina bat pairatu dut», salatu zuen. Gogoeta eskatu zien herritarrei portaera horien inguruan: «Hori zuzena da? Onargarria Hondarribian? Uste duzu kanpaina maltzur hori antolatu duen jendeak gure udala, herriko instituzio nagusia, errespetatzen duela?».
EH Bilduren mezua
Jaizkibel konpainiak, berriz, asteon adierazi du udalaren aurtengo ebazpenean aurrera urrats gutxi ikusi dituela. Horixe berretsi nahi izan du gaur Hondarribiko EH Bilduk ere: parekidetasunaren aldeko «aurrerabiderik» ez dela dekretu horretan. Eta abisu eman nahi izan du koalizio abertzaleak: «Edozein giza eskubideren aitortzan gertatzen den moduan, aurrerapausorik ez dagoenean, atzera egiten da, eta hala ikusten dugu kasu honetan ere». Prentsa ohar baten bidez plazaratu du kritika. «Bizikidetzaren eta segurtasunaren izenean, irailaren 8an aldaketarik ez», deitoratu du.
Jaizkibelen gisan, EH Bilduko kideek ere atzeraldiaren gaineko kezka azaldu dute, bereziki, aurreko urteetan izan direlako Jaizkibelen aldeko urratsak. 2023an hartu zuen alkatetza Abotsanitz plataformak, EH Bilduren babesarekin; aurretik jeltzaleen esku egon zen beti, eta udal gobernu berriak aldaketa nabarmena ekarri zuen. Izan ere, EAJk guztiz hautu parekideari bizkarra emanda jardun zuen beti, eta alkatetza berriarekin heldu dira berritasunak.
Aurtengo ebazpenean, ordea, aurrerapausorik ez dute antzeman hautu parekidearen alde ari direnek. Jaizkibelek, udalari egindako kritikan, salatu du urte osoan auzia bideratzeko egin diren urratsak ere ez direla egokiak izan: «Ezin dira berdin tratatu eskubide bat defendatzen dutenak eta berau ukatzen dutenak». Eta arrangura hori dutela esan dute orain Hondarribiko EH Bilduko kideek ere: deitoragarria iruditzen zaie HAOSE eta Jaizkibel konpainia «maila berean» jarri nahi izatea. «EH Bildurentzat ezinbestekoa da gatazkaren konponbidean benetako urratsak egitea, eta ez gatazkaren kudeaketaren zurrunbiloan kateatuta ibiltzea».
Hala ere, legealdi honetan bertan konponbiderako urratsak egin daitezkeen esperantza dute EH Bildun, eta aurreratu dute irailaren 9an bertan «proposamen erreal berri baten» lanketan jardungo dutela.