1993an bi emakumek alardean parte hartzeko eskaria egin zioten juntari. Baina ezetz erantzun zieten. Orduz geroztik asko izan dira emakumeek alardean parte har dezaten egin diren urratsak. Bide horretan mugarri izan zen gizon eta emakumez osatutako Jaizkibel konpainiaren sorrera. Zailtasunetatik harago, konpainiak ahalegin handiak egin ditu alardean parte hartzeko, eta bide horretan hainbat pauso eman dituzte: betiko alardearen ibilbide berra egitea eta Guadalupera igotzea, besteak beste. Azken pausoa iaz egin zuten. Aurreko urteetan betiko alardearen aldekoek plastiko beltza ezartzen zuten Jaizkibel konpainiaren ibilbidean. Iaz, berriz, plastiko horiarekin eta Disneyko mozorroekin irten ziren. Jaizkibelen ustez, ekintza horrekin barregarri geratu ziren.
Bidea luzea izango dela badakiten arren, haien helburu nagusia betiko alardean parte hartzea da: alardea bakarra eta publikoa izatea. Egun, Alarde Fundazioaren esku dago alardearen antolakuntza.
200 lagun baino gehiago
Urte hauetan konpainia hazten joan da, eta urtetik urtera desfilatzen dutenen nahiz haiek ikustera biltzen direnen kopurua handiagoa da. Bihar, adibidez, 200 lagunek baino gehiagok desfilatuko dute. Kantinera jaso eta 08:20ak aldera lerrokatuko dira. Hala, Kale Nagusian gora abiatuko dira. Gernikako Arbola kalea zeharkatu ostean, Saindura iritsiko dira. Iaz lehen aldiz egin bezala, ondoren Guadalupera igoko dira. 10:00ak aldera desfile txiki bat egingo dute hango zelaietan, eta, ondoren, militar buruak eta konpainiako hainbat kide meza nagusira joango dira.
Arratsaldean ere desfilatuko dute. 17:10ak aldera abiatuko dira Saindutik, eta Armen Enparantzan amaituko dute. Orduan, Portutik, Sabino Arana kaletik eta Alamedatik pasatuko dira.
Betiko alardean, 20 konpainiak parte hartuko dute desfilean. Ohi bezala, goizeko bederatzietan irtengo dira Gernikako Arbolako lorategietatik, eta Armen Plazara iritsiko dira. Ondoren, Guadalupera igo eta meza entzungo dute. Arratsaldean ere desfilatuko dute.
Emakumeak alardean
1996: Irainak, muturrekoak eta eskopetakadak: Alarde egunean Kale Nagusiko etxe batetik desfilean sartzen ahalegindu ziren 25 emakume. Irainak, muturrekoak eta eskopetakadak jaso zituzten.1997: Emakumeak aurrez aurre: Alarde tradizionalaren aldeko emakume talde jendetsu batek ez zien pasatzen utzi gizon eta emakumez osatutako Jaizkibel konpainiako kideei. Hala, alardean parte hartzeko baimen eskaera ofiziala ezin izan zuten espero bezala egin. Dena den, ez zen erasorik gertatu, eta balantze baikorra egin zuten Jaizkibelekoek.
1998: Betikoek eta Ertzaintzak eragotzita: Alardearen aldekoek hesi bat jarri zieten ez desfilatzeko, eta oihuka eta txistuka hartu zituzten. Dena den aurreko urteetan baino metro gehiago egin ahal izan zituzten. Ertzainek egotzi egin zietendesfilean sartzea.
1999: Abiatu ere ez: Bideari ekin ere ezin izan zuten Jaizkibel konpainiakoek. Ertzainen hesi batek eragotzi zien bidea. Hesia zeharkatzeko bigarren ahalegina egin zuten, baina ez zuten lortu. 12 lagun zauritu ziren.
2000: Herrizaingo Sailarenerabakiaren aurka : Herrizaingo Sailak eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Jaizkibelek alardean parte hartzeko bitarteko guztiak jarri behar zirela ebatsi zuten. Baina haien ebazpena ez zen bete. Ehun bat lagunek desfilatzea galarazi zieten. 58 lagun atxilotu zituzten.
2001: 100 metroko ibilbidea: EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zituen Jaizkibel konpainiak eskatutako badaezpadako neurriak. 100 metroko ibilia baino ezin izan zuten egin. Tradizionalekoak iristean ertzainek sakabanatzeko agindua eman zieten.
2002: Zazpigarren urtez baimenik gabe: Ibilbide labur bat baino ez zuten egin, eta Soroeta auzoaren inguruan desfile txiki bat.
2003: San Pedro kaletik lehen aldiz: San Pedro kalea zapaldu zuten lehen aldiz Jaizkibelkonpainiakoek. Hori dela eta, nahiz eta ertzainez inguratuta desfilatu, pozik agertu ziren amaieran.
2004: Istilurik gabe, baina ertzainez inguratuta: Bigarren urtez istilurik gabe zeharkatu ahal izan zituzten Hondarribiko kale nagusiak Jaizkibelekoek.Hori bai, berriro ere Ertzaintzak inguratuta eta betiko alardea eta gero desfilatu zuten.
2005: Goiz eta arratsaldeko desfilea: Jaizkibel konpainiako gizon emakumeek goiz eta arratsaldez desfilatzea lortu zuten. Ez zen, ordea, desfile normala izan. Ehunka ertzain eta plastiko beltzez inguratuta egin zuten bidea, txistu eta irainekin.
2006: Plastiko beltza berriro ere: Betiko alardearen aldekoek jarritako plastiko beltzaren eta oihuen artean egin behar izan zuten berriro ere desfilea. Alarde mistoko haurrek ez zuten ibilbide osoa egin, helduek jasandakoa saihesteko.
2007: Plastiko horia eta Disneyko mozorroak: Alarde tradizionalaren aldekoek plastiko horia eta Disneyko pertsonaien mozorroak jantzi zituzten protesta gisa. Jaizkibel konpainiakoak pozik agertu ziren. «Barregarri geratu dira», adierazi zuten. 12 urtetan lehen aldiz Guadalupera igo ziren.