Hondarribiko Udalak festetan gertatutako hiru eraso matxista salatu ditu, eta gizon bat atxilotu dute

«Elkartasuna, babesa eta hurbiltasuna» helarazi dizkie biktimei. Bestalde, Zestoako Udalak irmo salatu du pertsona batek herriko jaietan jasandako jipoia. Berriozarren, berriz, gizon bat atxilotu dute, bikotekide ohiari eraso egiten saiatzea egotzita.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea Errenterian, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea Errenterian, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko irailaren 16a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru eraso matxista gertatu ziren Hondarribiko (Gipuzkoa) festetan, eta Euskadi Irratiak jakinarazi du gizon bat atxilotu dutela irailaren 10ean sexu eraso bat egitea egotzita. Hondarribiko Udalak festen balantzea egin du, eta bertan jakinarazi du hiru eraso matxista gertatu zirela. Udalak «gaitzespenik irmoena» adierazi du, eta «elkartasuna, babesa eta hurbiltasuna» helarazi dizkie biktimei.

Udalak defendatu du emakume guztiek dutela «askatasunez, segurtasunez eta beldurrik gabe» bizitzeko eskubidea, eta gogorarazi du jai giroak ezin dituela «inola ere justifikatu» emakumeen aurkako indarkeria eta jokabide matxistak.

Gainera, gehitu du emakumeen aurkako indarkeria «eguneroko bizitzako hainbat esparrutan gerta daitekeela», eta ez dela bakarrik jai eremuetan gertatzen. Hori dela eta, prebentzioa, sentsibilizazioa eta arreta indartzen jarraituko duela jakinarazi du Hondarribiko Udalak, emakumeen askatasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Zestoako jaietan, ospitaleratu bat

Zestoako (Gipuzkoa) festetan, pertsona bat jipoitu zuten festetako azken egunean, eta ospitaleratu egin zuten. Lepauztaia hautsi zioten, eta buruan zauriak eragin. Biktima jada etxean dago.

Zestoako Udalak «irmoki» salatu du erasoa, eta elkartasuna adierazi diote eraso egin zioten pertsonari: «Eztabaidarik sutsuenak ere ez du justifikatzen pertsona baten aurkako horrelako erasorik, eta antzeko jarrera bortitzak guztion elkarbizitzaren aurkako erasotzat hartzen ditugu». Gainera, eskerrak eman dizkie biktima artatu eta osasun zerbitzuei dei egin zieten herritarrei.

Atxilotu bat Berriozarren

Berriozarren (Nafarroa), berriz, 53 urteko gizon bat atxilotu du Poliziak, bikotekide ohiari eraso egiten saiatzea egotzita. Poliziak adierazi duenez, astelehenetik asteartera bitarteko gauean gizonaren bizilagunek udaltzaingora deitu zuten, etxebizitzan oihuak entzun zitezkeela esanez. Polizia etxebizitzara joan zenerako gizonak ihes egina zuen, baina haren seme adingabea bertan zegoen oraindik; amarengana eraman zuten, udalerriko beste etxebizitza batera.

Gizona, baina, bikotekide ohiaren etxebizitzara joan zen —harengandik urruntzeko agindua du indarrean— eta andrearen autoaren gurpilak zulatu zituen. Udaltzainek gizona han bertan atxilotu zuten, eta polizia etxera eraman. Epailearen esku utzi dute. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA