Kataluniarekiko elkartasuna

Horrela egin dute Aiako Harriko ekintza ikusgarria

Sare sozialen bidez zabaldutako deialdi bati erantzun zion mendizale talde batek egin du Kataluniako prozesu subiranistaren aldeko elkartasun ekintza.

2019ko urriaren 18a
07:50
Entzun

Iluntzerako behar zuten prest, Aiako Harriaren tontorrak argiztatuta jasoko zituen irudi ederra lortzeko. Eta dena ondo irten zedin, ordu batzuk lehenago elkartu zen mendizale talde bat Irungo Olaberria auzoan (Gipuzkoa), Elurretxeko parkingean, Aiako Harriaren magalean.

Aurrez, sare sozialen bidez zabaldu zen deialdi bati erantzun zioten. Deialdian ez zuen ekintzari buruzko xehetasun handirik ematen: "Kataluniari babesa" emateko izango zela, asteazkenean egingo zela, eta "afaltzeko etxean" izango zirela. "Argi daukagu bidea, erabakitzeko eskubidea" zioen mezuak amaieran.

Elurretxen elkartu ziren mendizaleek Erreferenduma demokrazia da zioen pankarta handi bat bildu zuten mendi gainera igotzeko, eta eskalatzeko sokak prestatu zituzten. Beranduxeago, mendizale gehiago batu ziren Oiartzungo Haurtzaro ikastolan (Gipuzkoa). Antolatzaileek eskatuta, askaria, ura, supiztekoa, argazki kamera, berokia, kopetako argia eta linternak eraman behar zituzten motxilan.

Gorako bidea eginda, egunak iluntzea besterik ez zen falta, eta eguzkiaren argi izpiak gutxitu ahala, ikusgai egin ziren elkartasun argiak, Pirinioetako mutur batetik bestera zuzendutakoak.

Aiako Harriko ekintzak Kataluniako mendizale talde independentista batek eginikoa izan du inspirazio iturri. Joan den urriaren 1ean, 2017ko erreferendumaren urteurrena zela eta, Montserrateko tontorrak argiztatu zituzten. Euskal Herriko mendizale talde batek gisa berean bidali du Kataluniako prozesu independentistaren aldeko elkartasun keinua.

[youtube]https://youtu.be/Lo9XS8epULA[/youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.