Ikasturtea amaitzear den honetan, Seaskak jakinarazi du Hur Gorostiaga jada ez dela zuzendari nagusi izango hurrengo ikasturtean. Zehazki, igande honetan utziko du kargua, eta Ipar Euskal Herriko ikastolen sareak oraindik ez du iragarri zein izango den haren ordezkoa.
Gorostiagak hemezortzi urte eman ditu Seaskan, eta ibilbide horretan egindako lana eskertu diote: «Hurren engaiamendua, profesionaltasuna eta ikuspegia funtsezkoak izan dira Seaskaren garapenean. Bide luzea egin dugu elkarrekin, eta gaur egun dugun egonkortasuna eta indarra, hein handi batean, hari zor dizkiogu».
Horrez gain, Sophie Layusek ere lehendakarikide izateari utziko dio uztailaren 2an, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Kontseiluaren bilkuran. 2024an, Peio Jorajuriak Seaskako lehendakari kargua utzi zuen, eta, orduan, hiru kideko lehendakaritza bat sortu zuen ikastolen sareak. Layusi ere «eskerrik beroenak» helarazi nahi izan dizkiote.
Nabarmendu dute haien hutsunea nabarituko dutela, baina azaldu dute etorkizuneko antolaketa lantzen hasiak direla jada, «trantsizio hau baldintza hoberenetan egin dadin eta gure proiektuaren segipena segurtatua izan dadin».