Oinarrian erabat ados, «hutsune» tekniko batzuk soilik ikusten dizkio Nafarroako Gobernuak Espainiako hezkuntza erreformari. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak adierazi du «Nafarroaren berezitasunak» kontuan izango dituela lege berriak, hala hitzeman diola Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak. «Denbora izango da froga». Ez du arazorik ikusi erreformak Euskal Herrian eragingo dituen aldaketetan, batik bat oinarrizko ikasgaiak Madrilek taxutzean: «Nafarroaren errealitatea irakasteko tokia bermatuko da. Espainiari, Europari eta munduari lotutako Nafarroa irakatsiko da». Kritikak egin dituztenei «alderdikeriaz» jokatzea leporatu die kontseilariak.
Erreformaren harira, hirugarren aldiz jo zuen parlamentura atzo Iribasek, oposizioak eskatuta. Oraingoan, Hezkuntza Departamentuak Werten aurrean zer jarrera izan duen argitzeko. Jokabide irekia izan duela azaldu zuen Iribasek, elkarrizketaren aldekoa: «Jakin badakigu gobernuak eta ministroak asmo sendoa dutela erreforma aurrera ateratzeko, eta gehiengoa dute Espainiako Kongresuan. Beraz, jarrera pragmatikoa hartu dugu, praktikoa: ahalik eta lege onena nahi dugu».
Bide horretan apenas izan duten desadostasunik, gainera. «Aurreiritzirik gabe aurkeztu ditugu proposamenak, hezkuntza zorrotza eta barneratzailea lortzeko». Teknikoak dira eskari guztiak: irakats-aldi batetik bestera joatea errazagoa izatea, ikasleei laguntzak lehenago jartzea, ikasgaiak banatzeko antolaketa handiagoa, gaitasun handiko ikasleei laguntzeko programak oinarrizkotzat jotzea... «Aintzat hartu dituzte gure proposamen asko». Hartara, Iribasek txalotu egin du Werten jarrera, nahiz beste erkidego batzuek «inposizioak» salatu. «Bilerak egin dira. Horiek dira froga».
Iribasek apenas hartu dituen hizpide harrabots handiena sortu duten neurriak. Eskumenen alorrean izango da aldaketa nabaria: orain, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zehazten dituzte edukien %45; erreformarekin, ordea, oinarrizko ikasgaien edukiak oso-osorik zehaztuko ditu Madrilek, eta «arinagoak» izango dira Hegoaldeko erakundeen eskumeneko. Nolanahi ere, Iribasek zehaztu du erkidegoek izango dutela ikasgai nagusietan zer esana. Historia aipatu du: «Nafarroako curriculumak segituko du bermatzen ikasten direla gure sustraiak, kulturak, hizkuntzak eta errealitate instituzionala». Orain arteko lege proiektuak, hala ere, ez du aukerarik uzten erkidegoek oinarrizko ikasgaiak osa ditzaten.
Bildu begitan; Uriarte begiko
Oposizioak bat egin du erreformaren aurka, UPNk eta PPk izan ezik. Wert ministroaren argudio berberak erabilita erantzun die guztiei Iribasek. Irakats-aldietako azterketa «nazionalei» buruz: «Positiboa da proba bakar bat izatea oinarrizko ikasgaiei buruz»; «ebaluazioaren kultura falta da». Erlijioak eskolan duen tokia handitzeaz: «Gobernu batek ere ez du auzitan jarri erlijioa eskolan egotea. Eskubidea da, eta aberasgarria, gainera». Sexuagatik bereizten duten ikastetxeei laguntzeaz: «Segregaziorik ez dugu nahi. Besterik da segregazio esatea horrela ez denari. Gorenak esana du ez dela diskriminatzea. Aukeratzeko eskubidea egon badago». Rankinez eta elitizazio arriskuez: «Osagarri dira kalitatea eta ekitatea».
Hizkuntzaren gaiaz azalpenik apenas eman duen. Murgiltze eredu orokortuak debekatuko ditu PPk. Bat dator Iribas: «Gaztelania hitz egiteko eta ikasteko eskubidearen alde egingo dugu, noski». Xedeak zehaztu ditu: «Berezko hizkuntza menderatzea eta ingelesa txukun jakitea». Ez du zehaztu zein den «berezko hizkuntza».
Bakartxo Ruiz Bilduko ordezkariaren aurka bereziki gogor aritu da Iribas. Bilduko kideak «inposiziotzat» jo du erreforma, eta gogorarazi du aurka dagoela Nafarroako Parlamentua. Iribas: «Ez nau harritu zuek proiektua irainka hartzeak. Bai, ordea, nork eta zuek salatu izanak ideologia bat ezarri nahi dela». Ruizek nabarmendu du Hego Euskal Herriko eragile gehienak erreformaren aurka azaldu direla. Ihes eginez erantzun dio Iribasek: «Euskadi zen lehen, gero Euskal Herria, eta orain Hego Euskal Herria. Mesedez, argitu nola esan behar den».
Horrelako jarrera agertuta ere, akordioak lortzeko asmotan dago kontseilaria: «Ahalik eta adostasun zabalena behar da hezkuntza sistema garatzeko». Hartara, txalotu egin du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren jokabidea, lehen bileran Wertekin ados jartzeko asmoz agertu zelako: «Pentsatu nuen: 'Bai ausarta. Lehen bilera izanda, ausarta behar du izan EAJn egiteko eta Werten jarrera elkarrizketaren aldekoa dela esateko'». Eta herenegun Wertek elkarrizketa itxi izanaz, ordea, hitzik ez: «Ez nintzen han. Hori ez dagokit niri».
«Hutsuneak» ikusi baditu ere, erreforma bere egin du Iribasek
Hezkuntza erreformak aintzat hartuko ditu «Nafarroaren berezitasunak», kontseilariak dioenez; eskumenak izango dituela esan duWerten aurka «alderdikeriaz» aritzea salatu, eta Uriarte sailburuaren jokabidea goratu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu