Ia 65.000 migrantek egin dute ezohiko erregularizazioaren eskera Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak abian jarritako erregularizazio prozesuan eskaera egiteko epea apirilaren 16an ireki zen, eta ekainaren 30ean amaitu. Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak emandako datuen arabera, eskaera gehienak Bizkaian erregistratu dira: 28.834. Nafarroan eta Gipuzkoan antzeko eskaera kopuruak egin dituzte: 14.886 eta 12.063, hurrenez hurren. Araban egon da eskaera gutxien: 8.554.
Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak adierazi du neurriak aukera emango diela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren pertsona askori beren egoera erregularizatu eta «duintasun handiagoz» bizitzeko. «Prozedura beharrezkoa, bidezkoa eta gizatiarra da», azpimarratu du Garmendiak.
Alicia Etxeberriak, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, berriz, prozesua «justizia sozialaren auzia» dela nabarmendu du. Etxeberriak azaldu du eskaera bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela: «Istorioak daude, badaude bazter ikusezinetan egoteari utziko dioten herritarrak, eskubideak izango dituztenak, baina baita betebeharrak eta erantzukizunak ere».