Osotara 10.969 PCR proba egin dituzte Hegoaldean azken egunean. Test horietan oinarrituta, 608 kasu atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak, hau da, aurreko egunean baino 90 gutxiago.
Lurraldeka, Nafarroan detektatu dute positibo gehien: 223. Bigarren egunez jarraian, gutxitu egin dira lurralde horretan atzemandako kasuak. Izan ere, 265 positiboren berri eman zuen gobernuak atzo; aurreko egunean, 318 izan ziren. Halaber, Gipuzkoan 175 kasu detektatu dituzte, aurreko egunean baino 37 gehiago. Bizkaian eta Araban, bietan egin du behera positiboen kopuruak: Bizkaian 138 izan dira; Araban, berriz, 63.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 81 urteko emakumezko bat hil da foru erkidegoan; COVID-19aren sintomak zituen.
Ospitaleratzeen egoera aztertuta, 45 pertsona ospitaleratu dituzte azken egunean Hegoaldean. Gainera, oraintxe bertan koronabirusarekin eri dauden 459 lagun daude erietxean, eta horietatik 81 ZIUetan daude.