Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Kronika

Ia inoiz ikusi ez den askotariko argazkia

Ikusmin handia piztu du konferentziak, eta Euskal Herriko zein nazioarteko ehun bat komunikabidek eman dute haren berriGipuzkoako ahaldun nagusiak eta Donostiako alkateak hartu dituzte eragileak

Jesus Egiguren, Juan Karlos Izagirre, Martin Garitano eta Karlos Totorika. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
Donostia
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako Bakearen Etxean atzo egin zen Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentziak sekula ikusi gabeko mugarri bat ezarri zuen, inoiz ez baita egin Euskal Herriko ordezkaritza politiko, sindikal eta enpresari hain zabala bildu den batzarrik. Argia izan zen konferentziari parte hartzaileek emandako garrantziaren isla.

Freskotik argitu zuen goizak Bakearen Etxe inguruetan. Ordurako telebistetako unitate ibiltariak bertaratuta zeuden. Udaltzainek zaintzen zituzten parkeko kanpoaldeko inguruak; zenbait leku zintekin itxiak zituzten inork kotxerik utz ez zezan; inguruetako zakarrontziak eta hondakin ontziak zigilatuta zeuden Ertzaintzaren oharrekin.

11:30 aldera, Lokarriko koordinatzaile Paul Rios Aieteko jauregitik parkera irten zen lasaitzera, hankak luzatzera eta zigarro bat erretzera. Gutxira hasi behar zuten iristen Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentziara deitutakoak.

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre hurreratu zen lehenbizi, irribarrea ahoan eta kazetari eta kamerariei egun onak ematen. Aquariumeko lehendakari Vicente Zaraguetak jarraitu zion, hark ere irribarrea ahoan, egun onak opa, eta «ez al zaudete pozik? Bakea egitera gatoz» bota zuen. Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano ere segituan zen. Hark eta Izagirrek egin behar zieten lehenbiziko harrera nazioarteko konferentziako parte hartzaileei, jauregiko sarrera nagusiko lehenbiziko harmailetan. Goragokoetan, Paul Rios eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko eta Egiaztatze Batzordeko kideek errepikatzen zuten harrera.

Eta hasieran tantaka, eta gero ia denak batera, iristen hasi ziren konferentzian parte hartu behar zuten Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta enpresariak.

Geroa Baiko Uxue Barkos lehenbizikotakoa, irribarretsu eta lankide izandakoak agurtzen. Confebaskeko lehendakariordeAna Belen Juaristi ere garaiz iritsi zen Aieteko Bakearen Etxera. PSE-EEko Karlos Totorika eta Jesus Egiguren, serioago. EAko Pello Urizar, Aralarreko Rebeka Ubera, Alternatibako Oskar Matute, EBko Mikel Arana eta Jose Navas eta LABeko Ainhoa Etxaide ia elkarrekin iritsi ziren, guztiak irribarrea aurpegian zutela. UGTko Damaso Casado eta CCOOko Unai Sordo ere elkarrekin iritsi ziren, UMPko Max Brisson eta Modemeko Jean Jacques Lasserre bezala. CFDTko Michel Larralde eta Abertzaleen Batasuneko Jakes Bortairu iritsi ziren ondoren. Eta haien atzetik ELAko Adolfo Muñoz.

PSFk, PSE-EEk bezala, bi ordezkari igorri zituen konferentziara: Kotte Ezenarro eta Fredrerique Spagnac. EAJren EBBko lehendakari Iñigo Urkullu ia oharkabean iritsi zen, bakarrik, artean kamerak eta kazetariak beste ordezkari batzuekin zirela.

Bi ez, hiru ordezkari iritsi ziren Bakearen Etxera ezker abertzalearen partetik: Rufi Etxeberria, Anita Lopepe eta Juan Joxe Petrikorena. Azkena, argazki ofizialean agertu bazen ere, ez zen bileran sartu.

Adierazpen gutxi

Hedabideei hitz batzuk esateko tarterik eskaintzeko asmorik gabe iritsi ziren ia denak. Batzuk, gainera, birritan eskatutakoan soilik jarri ziren kameren aurrean irudi batzuk hartzeko. Garrantzitsuak bileraren aurretik baino gehiago bileraren ondorengo adierazpenak izango zirela jakitun izan arren, kazetarien galderei erantzuteko tartea hartu zuten gutxi batzuek.

PSE-EEko Karlos Totorikak, EAko Pello Urizarrek, Aralarreko Rebeka Uberak eta Modemeko Jean Jacques Lasserrek egin zituzten hitz apurrak. Urizarrek, Uberak eta Lasserrek itxaropen handia jarri zuten nazioarteko konferentzian; «oso garrantzitsua, historikoa» dela esan zuen Urizarrek; Uberak «askatasunean, justizian eta egiazko memorian oinarritutako benetako bakea» lortu behar dela azpimarratu zuen; Lasserrek ere une oso garrantzitsutzat jo zuen atzoko ekitaldia. Hirurek jarri zuten itxaropena konferentziaren ondoren guztien parte hartzea ekarriko duen prozesu bat irekiko dela, joan ez zirenena barne. Totorika, aldiz, mezu zehatzagoz mintzatu zen, konferentziara sozialistek eramango zuten mezuaz: «ETA garaitua dago, eta hori islatu behar du konferentziak; ETA garaitu izanak ez duela ordainik izango», izan zen lehen mezua. Bestea, berriz, Eusko Jaurlaritzako Patxi Lopez lehendakariak aurkeztutako plana berretsi behar zutela konferentzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.