Iñaki Lasagabaster: "Argudio nagusia, demokratikoa, gure aldekoa da"

Anakoz Amenabar.
2014ko apirilaren 4a
13:45
Entzun

Trebiñuko bi udalen ekimenez—Trebiñu eta Argantzun—, joan den udan txosten teknikoa egiteko enkargua jaso zuen Iñaki Lasagabaster legelari eta EHUko irakasleak (Gasteiz, 1953). Orain arte jarraitutako bideetan beste pauso bat eman, eta Araban integratzeko eskubidea lege organiko bidez Madrilgo Kongresura eramatea du helburu.

Zer berrikuntza dakartza bide berri honek?

Orain arte Gaztela eta Leonen amaitzen zen prozedura, eta beste aukerarik ote zen aztertu nahi zuten Trebiñuko udalek. Juridikoki posible da lege organiko baten aurreproiektu bat aurkeztea Madrilen eta, horrekin, eztabaida gorteetara eramatea. Horrek ez du esan nahi Gaztela eta Leon saihestuko dugunik; aitzakiarik izan ez dezaten, haiei ere bidali zaie txosten bera.

Zer argudio ematen dira txostenean?

Trebiñuk bi probintziekin dituen loturak ditu ardatz: sozialak, politikoak, kulturalak... Eta guztien artean sozialak dira garrantzitsuenak, herritarren borondateari dagozkionak. Argi dago zein den herritarren borondatea, hiru aldiz behintzat erakutsi baitute Trebiñuk Arabarekin joan nahi duela. Gaztela eta Leonek baiezkoa edo ezezkoa ematen duenean, argudioa eman beharko du.

Arrazoi historikoak argudiatu ditzakete?

Bai, uste dut historia izan daitekeela argudio bakarra, baina ezin diezaiokete eutsi horrekin. Gaztela eta Leongo Estatutuak berak jasotzen du Trebiñuko enklabea hori desagertzeko aukera badagoela; alegia, aurreikusita dago borondatea izanez gero aldatzeko aukera badagoela. Ez da logikoa lege batean hori jartzea, gero aurrera eramatea ezinezkoa bada. Demokrazian aurreikusita badago, borondate hori azaleratzeko aukera eman behar da.

PSOEk dagoeneko iragarria du atzera botako duela Madrilgo Kongresuan. Zein izan daiteke hurrengo pausoa?

Esan dituzten gauzak txostena irakurri gabe esan dituzte. Nik uste dut ez dagoela arrazoirik ezetza emateko. Argudio nagusia, demokratikoa, gure aldekoa da; ez dago besterik. Dena den, estatutuetan ezarritako prozeduraren aldean, bide honek ez du halako konplexutasun hori; Eusko Legebiltzarrak halako ekinaldiak nahi beste aldiz onar ditzake. Alegia, momentu batean Madrilgo alderdien gehiengoa aldatzen bada, berriz eraman daiteke proposamena; bide honek duen onena da erraz errepika daitekeela, gure indarren arabera. Beste aukera batzuk ere azter daitezke, Europa esate baterako; justifikaziorik gabeko halako ezetzik bada, aztertuko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.