Iazko indarkeria kasuen %67 bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindakoak izan ziren, Emakunderen arabera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 5.635 salaketa zenbatu dituzte emakumeen aurkako indarkeria matxistarekin loturik.

Abenduan Barakaldon egindako elkarretaratzea, herri horretan bortxaz hildako emakumearen kasua salatzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Abenduan Barakaldon egindako elkarretaratzea, herri horretan bortxaz hildako emakumearen kasua salatzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 24a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, emakumeen aurkako 5.635 indarkeria kasu salatu ziren iaz, horietatik 3.796 (%67) bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindakoak izan ziren, Emakundek jakinarazi duenez.

Lurraldeka, 953 emakumek salatu zuten indarkeria mota hori Araban, 2.885ek Bizkaian eta 1.797k Gipuzkoan. Datu horiek 2024koen oso antzekoak dira: orduan 5.634 biktima zenbatu zituzten.

Dena den, Emakundek ohartarazi duenez, indarkeria matxistaren kasu kopurua askoz handiagoa da salaketek adierazten dutena baino, datu ofizialek biktima guztiak zenbatzeko «ahalmen mugatua» baitute. Hala, gogora ekarri du erakunde horrek berak egindako azken inkestan bi emakumetik batek adierazi duela bere bizitzan indarkeria matxistaren bat jasan duela. Hala ere, gogoratu du kasuen %15 baino ez direla salatzen, eta ohikoena dela familiari edo lagunei kontatzea (kasuen %80).

3.796

Araban, BIzkaian eta Gipuzkoan zenbat salaketa egin diren. Iaz 

3.796 emakumek salatu zuten bikotekide edo bikotekide ohien bortxa, aurreko urtean baino %0,7 gutxiago. Lurraldeka, Araban 656k (%0,15 gehiago), Bizkaian 1.928k (%0,3 gutxiago) eta Gipuzkoan 1.212k (%1,8 gutxiago).

 

Horrekin batera, familia barruko indarkeria matxistarekin loturiko 1.108 kasu zenbatu ditu Emakundek, 2024an baino %4,6 gehiago: Araban 179 (%9,1 gehiago), Bizkaian 573 (%2,8 gehiago) eta Gipuzkoan 356 (%5,3 gehiago). Eta 731 sexu delitu dokumentatu ditu, aurreko urtean baino %2,5 gutxiago; Araban 118 (%3,5 gehiago), Bizkaian 384 (%9,7 gehiago) eta Gipuzkoan 229 (%19,9 gutxiago).

Emakundek azpimarratu duenez, gizarte osoaren ardura da indarkeria matxistari aurre egitea eta emakumeei laguntza eta babesa eskaintzea. Indarkeriaren sustraiak «gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunetan» daudela nabarmendu du.

Gogora ekarri du azken hamarkadetan biktimak artatzeko egindako protokoloak eta sortutako zerbitzuak, eta nabarmendu du informazio eta baliabide gehiago izateak gero eta kasu gehiago argitara ekartzen lagundu duela.

Eraso bat Lezaman

Ertzaintzak 32 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Barakaldon (Bizkaia), 32 eta 27 urteko bi emakumeri —horietako bat bikotekide ohia— arma zuri batekin eraso egitea leporatuta. Erasoa ostegunean gertatu zen, Lezamako aparkaleku baten inguruan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintza 19:00ak aldera bertaratu zen, abisu bat jaso ondoren. Lehenengo ikerketen arabera, gizona emakumeei jarraika hasi zitzaien labana batekin, andreetako batek estropezu egin zuen eta lurrera erori zen, eta gizonak izterrean sastakatu zuen. Beste emakumea izterrondoan eta esku batean zauritu zuen. Biktimek labana kentzea lortu zuten, eta gizonak auto batean alde egin zuen. Taxista batek eraman zituen emakumeak Gurutzetako Ospitalera. Ertzaintzak atzo atxilotu zuen erasotzailea, Barakaldon, eta epailearen esku utziko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.