Ibai Sueskun (23 urte; Larraga, Nafarroa) ustezko etakideak atxilotuta jarraitzen du eta gaur Baionako ospitaletik hango polizia etxera eraman dute, 14:00ak aldera.
Larunbatean atzeman zuten, Lescunen (Frantzia). Poliziaren ikerketa iturriak aipatuz berri agentziek hedatu zutenez, pistola garbitzen ari zela eskuan bala zauria egin eta laguntza bila joan zen baserri batera. Han atzeman zuten, eta gero Olorongo erietxera eraman zuten; ondoren, berriz, Baionakora.
Joanes Larretxea ustezko etakidearen etxea miatu du Guardia Zibilak, Hernanin
Frantziako Poliziak Iurgi Mendinueta eta Joanes Larretxea ustezko etakideek atzeman zituen atzo, Montpellierren, eta oraindik bere esku ditu, inkomunikatuta, Parisera epailearen aurrera noiz eramango. Polizia iturrien arabera, autoan Rivieresko zulora zihoazela atxilotu zituen, Guardia Zibilarekin elkarlanean, eta honek gaur Larretxearen etxea miatu du, Hernanin (Gipuzkoa). 00:30ean hasi dute miaketa eta 4:00ak arte iraun du. Mendinueta Donostiakoa da.
Guardia Zibilak esan du abuztutik zaintzen ari zela zulo hori, Aitzol Etxaburu, Alberto Matxain eta Andoni Sarasola ustezko etakideak Saboyan (Frantzia) atxilotu eta armen hamalau ezkutaleku aurkitu zituztenetik.
Etxaburu, Matxain eta Sarasola ETAko talde logistikoko kidetzat jo zituzten -kartzelara bidali zituen epaileak-, eta Mendinueta eta Larretxea talde militarreko lagunak direla dio Poliziak.
Atxiloketaren unean arma bana, agiri faltsuak eta ordenagailua zituzten, ikerketako iturrien arabera, eta zuloan bonba-autoak egiteko materiala zegoen.
atxiloketak
Ibai Sueskun Baionako ospitaletik polizia etxera eraman dute
Ustezko etakidea larunbatean atzeman zuten, eskuan bala zauria zeukala. Joanes Larretxea eta Iurgi Mendinueta ustezko etakideek ere atxilotuta segitzen dute. Atzo atzeman zituen Frantziako Poliziak, Montpellierren, ustez zulo batera zihoazela. Guardia Zibilak dio abuztutik zaintzen ari zela ezkutalekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu