Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur ere esan du, Espainiako Gobernuak galdeketaren legearen aurkako helegitea sartu duela-eta, "[EAE] autonomia bertan behera" utzi duela Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak. Hala ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeak ez dituela aurreratuko adierazi du, ez duela hori aurreikusten. 2005eko udaberrian egin zituzten EAEko bozak azkeneko aldiz eta, beraz, hurrengo urteko udaberrian egingo lirateke berriro berez.
"Hauteskundeak, bere garaian izango dira. Orain herriari galdetzea tokatzen da, eta beldurrik ez diogu izan behar horri. Batzuek, ordea, badirudi ez dutela nahi entzutea euskal herritarrek zer dioten", esan du Ibarretxek, Catalunya Radio irratian.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Gobernuaren helegitea tramitera onartzen duenean, galdeketa geratu egingo da automatikoki. Auzitegiak bost hilabete izango ditu erabakia hartzeko. Lehendakariak, ordea, gaur berriro eskatu dio irailaren 15erako hartzeko erabakia, Jaurlaritzak orduan deitu nahi baitu kontsulta, urriaren 25ean egiteko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. "Ez badu irailaren 15erako erabakitzen, autogobernuari kalte konponezina egingo dio".
Ibarretxeren ustez, Espainiako Gobernuaren helegitea "ahula" da, "galdeketa kontsulta baita, ez erreferenduma eta loteslea". "Hortaz, atzo baino arrazoi handiagoa dugu galdeketaren bidean segitzeko".
Politika
Ibarretxek dio ez duela aurreikusten EAEko hauteskundeak aurreratzea
"Orain herriari galdetzea tokatzen da", esan du gaur Jaurlaritzako lehendakariak. 2009ko udaberrian lirateke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bozak. Galdeketaren legearen aurkako helegitea sartuta, Zapaterok "autonomia bertan behera" utzi duela berretsi du Ibarretxek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu