Bi aste pasatxo falta dira Ibilaldia iristeko: maiatzaren 31n izango da Bizkaiko ikastolen aldeko festaren egun handia, Bilboko Txurdinaga auzoan; Kirikiño ikastola arduratuko da antolakuntzaz. Hiri kiribili bil lelopean bildu nahi dituzte euskaltzaleak. Gaur aurkeztu dute egitaraua: hiru gune eta «egitarau zabala» egongo dira aukeran. «Euskara, hezkuntza eta euskal kulturaren aldeko topagune erraldoia izango da, familiarekin zein lagunekin egun osoan gozatzeko aukera emango duena».
Antolatzaileek azaldu dutenez, jaiak hiru gune nagusi izango ditu. Bat: Kirikiño ikastola. Bertan, umeentzako aukera ugari egongo dira: Go!azen, Tor magoa, puzgarriak... Besteak beste, bertsolariak eta Gozategiren kontzertua ere izango dira. Bi: Europa parkea. Kultur eskaintza egongo da batetik, hala nola Kirikiño dantza taldea eta Zuzterrak dantza taldea; eta puzgarriak, gargantua eta abar, bestetik. Eta hiru: kiroldegia. Han ere kontzertuak izango dira: Pakemba erromeria, Txapelpunk, DJ Bull... Gainera, ibilbidean «etengabeko animazioa» egongo da: erraldoiak, trikitilariak, txistulariak, batukadak... «Kirikiño Ikastolak iaz hartu zuen erronka hau, eta ilusioz zein arduraz ari da prestatzen Bilbon euskararen erabilera indartzeko aukera paregabe hau. Helburu horretarako, Ibilaldiaren egunean hiru gunetan banatutako eta adin guztiei begirako kultura, musika eta aisialdi eskaintza zabala antolatu da».
Baina jaia ez da maiatzaren 31n soilik izango. Bezperan, maiatzaren 30ean, izango da zertaz gozatua, ikastolan bertan. Besteak beste, erromeria, pailazoen emanaldiak eta kontzertuak antolatu dituzte egun horretarako, eta BERRIAk bi egun horietan, maitzaren 30ean eta 31n, egitarau osatuko du. Igandean, maiatzaren 31n, BERRIAren gunean Asier Kidam magoak emankizuna eskainiko du, eta, bezperan, Mantangorri tailerreko eskulanak egiteko aukera izango da eta liburua zozkatukodituzte. Pontx pailazoa ere bertan egongo da.
Jasangarria eta erasorik gabea
Euskara sustatzearekin batera, beste helburu batzuk ere jarri dizkiote Ibilaldiari. Antolatzaileen esanetan, jasangarritasuna «erdigunean» jarriko dute. Hori horrela, hiru eskaera egin dituzte: oinez, bizikletaz edo garraio publikoan joateko; edalontzi eta botila berrerabilgarriak erabiltzeko; eta hondakinak behar bezala sailkatzeko.
Gainera, nabarmendu dute ez dutela inolako erasorik onartuko: «Ibilaldia eraso sexista, homofobo edo matxistarik gabeko tokia izango da. Indarkeriarik ez da onartuko inola ere, eta errespetua, berdintasuna eta askatasuna izango dira jaiaren oinarriak».