Lau gizon atxilotu dituzte indarkeria matxista egotzita: bat Usurbilen, beste bat Astigarragan eta bi Bilbon

Bi gizon atxilotu dituzte bart Bilboko Aste Nagusian indarkeria matxista egotzita. Usurbilen atxilotutakoa ibilgailu gidaridun bateko gidaria da. Astigarragan atxilotutakoa, berriz, kamioi gidaria; andreak salatu du bera hiltzen saiatu dela gizona.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Donostiako Aste Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Donostiako Aste Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Urrestarazu - Irati Urdalleta Lete
2026ko abuztuaren 29a
21:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

37 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo Usurbilen (Gipuzkoa), ibilgailu gidaridun batean 23 urteko emakume bati sexu erasoak egitea eta hura legez kanpo atxikitzea egotzita. Sexu erasoa asteazken gauean gertatu zen, eta ostiralean atxilotu zuten gizona. Larunbat iluntzean utzi dute epailearen esku.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, emakumeak ibilgailu gidaridun bat eskatu zuen Usurbilera joateko, eta, herrira iristean, gidaria arraro portatzen hasi zen: autoan zentzurik gabeko itzuliak ematen hasi, biktimari galdera pertsonalak egin, eta autoko ateak blokeatu zituen. Emakumeak mezu bat bidali zion lagun bati, gidariaren jarrera azaltzeko.

Gero, gidariak autoa aparkatu, biktimari ukituak egin, eta musu eman zion aurpegian. Erasoa gertatzen ari zenean, mezua jaso zuen lagunak telefonoz deitu zion emakumeari; hortaz, gidaria autotik atera zen, eta autoko ateak ireki egin ziren. Emakumeak autotik ihes egitea lortu zuen orduan. Hala ere, gizonak biktimari jarraitu zion.

Senide batek biktima jaso zuen, eta salaketa jarri Hernaniko (Gipuzkoa) polizia etxean, eta hala atxilotu zuten gizona. 37 urte ditu, eta epailearen esku utziko dute orain.

Horretaz aparte, 59 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Astigarragan (Gipuzkoa). Ertzainei dei egin diete Donostia ospitaletik, eta jakinarazi erietxean artatzen ari ziren emakume bat esaten ari zela senarrak tratu txarrak ematen zizkiola; emakumearen arabera, azken egunetan bera itotzen saiatu da gizona bi aldiz, eta jo ere egin izan du. Mehatxu egin ere bai: gizonak esan izan dio bien alaba joko zuela.

Horiek horrela, emakumeak gaixo zegoen itxurak egin zituen atzo, eta anbulantzian ospitalera eraman zutenean kontatu zuen gizonak eraso egiten ziola. Gizonezkoa gidaria da, eta lanagatik zegoen bikotea Astigarraga inguruan.

Ertzainek gaur iluntzean utzi dute gizon hori ere epailearen esku.

Beste bi atxilotu Bilbon

Bilboko udaltzainek bi gizon atxilotu dituzte bart Aste Nagusiko jai eremuan indarkeria matxista egotzita. Guztira bederatzi pertsona atxilotu dituzte horregatik jaiak hasi zirenetik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA