Iñaki Azkunaren heriotza

Ibon Areso izango da Bilboko alkatea, agintaldia amaitzen den arte

Orain arte alkateorde izan dena aukeratu dute Bizkai Buru Batzarrak eta Bilboko Batzarrak Azkuna ordezkatzeko, aho batezAstelehen eguerdian egingo dira hileta elizkizunak Bilboko Santiago katedralean

Andoni Ortuzar, Itxaso Atutxa eta Ibon Areso, izendapenaren berri eman berritan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Iñaki Azkuna hiltzear zela jakin zuenean, aho batez erabaki zuen ondorengoa nor izango zen EAJk: Ibon Areso izango da Bilboko alkate, hemendik aurrera. Alderdiaren estatutuen arabera, Bizkai Buru Batzarrari eta Bilboko Batzarrari dagokie ordezkoa aukeratzea. Itxaso Atutxa BBBko presidenteak azaldu duenez, ostegunean bertan bildu ziren bi batzarrak, eta ez zuten zalantzarik izan: orain arte alkateordea izan den eta Azkuna alkate lanei eusteko gai izan ez denetan lan horiek beregain hartu dituena da ordezkorik onena.

«Ibon Areso ez da soilik Azkunaren alter egoa izan; aurreko alkateena ere izan da», azaldu du Atutxak egokitasuna. «Areso jauna aldi honetan guztian izan da Bilboko eraldaketaren hari eroalea». Hil aurretik, erabakiaren berri eman zioten Azkunari, eta adostutakoa «partekatu» zuen. Hutsik geratutako zinegotzi lekua Eider Jauregik beteko du.

Erabakia aho batez hartu, eta izendapena ofizial lehenbailehen egiteko lanean ari da EAJ. «Bilbo ezin da geldirik geratu», azaldu du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak presa. «Eta Iñakik, hemen balitz, albait arinen lanera bueltatzea exijituko liguke; Bilboren aldeko lanera. Ez badugu hala egiten, dagoen lekuan dagoela, egurtu egingo gaitu». Bilboko Udalbatzari dagokio alkatea izendatzea, eta datorren astean bertan egin dezan saiatuko da alderdia.

Hurrengo bozei begira

Urtebete inguruz izango da alkate Areso; agintaldia amaitu arte. Bien bitartean, hurrengo udal hauteskundeetarako alkategaia aurkezteko barne prozesuari ekingo dio EAJk. Urriaren 7an hasiko du prozesua, eta Gabonen aurretik amaituko.

Sabin Etxean eman dute erabakien berri Ortuzarrek eta Atutxak, Azkunaren ordezkoa hautatzeko bileran parte hartu zuten BBBko eta Bilboko Batzarreko kideek inguratuta.

Aurrez, Bilboko udaletxean izan dira EBBko eta BBBko presidenteak. Eguerdian egindako presazko udalbatzan, Bozeramaileen Batzordeak goizean onartutako adierazpenaren berri eman du udal idazkariak. Lau eguneko dolua iragarri du; atzo bertatik astelehena artekoa. Egun horietako ekitaldi ofizialak bertan behera utzi ditu. Udaletxeko balkoian xingola beltza duten estandarteak jartzea ere adostu dute udal talde guztietako bozeramaileek, eta udalaren eraikinetako ikurrinak masta erdian jartzea. Hala zeuden atzo eguerdirako. Azkunaren senideei doluminak adierazi, eta astelehenean egingo den hileta elizkizunean parte hartzeko deia egin zien udalak herritarrei.

Areso alkateordeak, Azkunak hil aurretik emandako azken mezu publikoaren berri eman du udalbatzan: «Eskerrik asko guztiei, lagundu eta jasan izanagatik. Zoragarriak izan zarete».

Aresok ez du mina ezkutatu: «Oso une berezi eta gogorra da guztiontzat; gure hiriko burua hil da, baina baita lagun bat ere». Azkunaren gainontzeko alderdikideak ere hunkituta egon dira oso. Serio, triste, ilun, eta begiak malkoz bustita. EAJko kideez gain, udalean taldea duten alderdi guztietako ordezkariak ere, antzera. PP, PSE eta Bilduko kideek adeitsu agurtu dituzte bai udaleko kide jeltzaleak, bai entzuleen eserlekuetako lehen lerroan izan diren Ortuzar eta Atutxa.

Udalbatza amaituta, lore eskaintza egin diote alkateari bere alderdiko ordezkari gorenek. Ortuzarrek eta Atutxak lore zuri-gorri sorta txiki bana utzi dute lehenik udaletxe aurreko eskailera nagusietan. Handiagoa, ondoren, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Eta, EAJk jakinarazi duenez, nahi duten herritarrek Azkunari loreak eskaintzeko aukera izango da astelehena bitartean udaletxe aurre berean.

Errautsak, jaioterrira

Azkunaren hilotzari dagokionez, Bolueta auzoan dagoen Begoñako Amaren Beilategira eraman zuten ostegunean bertan, eta bertan egon da gaur goiza arte. Familiaren eskariz, lagun eta alderdikideen agurrak pribatuan jaso dituzte han.

Gaur goizean, Derioko hilerrira eramango dute gorpua, bertan erraustu dezaten. Ekitaldia egingo dute han senideek eta politika-familiak. Horiei itxia izango da azken agur hori ere; pribatua.

Durangora eramango dituzte ondoren errautsak, Azkunaren jaioterrira, eta bertako hilerrian ehortziko dituzte.

Ekitaldi publikoa astelehenean izango da, Bilbon. 12:00etan, Zazpikaleen erdian dagoen Santiago katedralean. Udalak bertaratzeko deia egin die herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.