Politika

Estrasburgok ebatzi du Frantziak lehenago askatu behar zuela Fernandez Iradi, gaixotasun larria zuelako

Ebatzi du Frantziak urratu egin zituela Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua eta presoaren eskubideak.

Ibon Fernandez Iradi, berriki Espainiako auzitegi batean egindako deklarazio batean. ZIPI / EFE
Ibon Fernandez Iradi, berriki Espainiako auzitegi batean egindako deklarazio batean. ZIPI / EFE
inaki petxarroman
Donostia
2025eko abenduaren 4a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia eman dio Ibon Fernandez Iradi euskal presoari: Frantziako espetxeetan preso zen garaiko auzian, Frantziako epaitegiek behin baino gehiagotan ukatu zioten aske geratzeko egindako eskaera, nahiz eta frogatuta egon esklerosi anizkoitza zuela eta medikuek ohartarazi haren egoerak okerrera egin zezakeela espetxe barruan. Frantziako Estatuak 10.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio Fernandez Iradiri, eta beste 11.840 euro abokatu gastuak ordaintzeko. 

Baina eskuratutako dirua baino gehiago, Frantziako Estatua errudun jotzearen «balio sinbolikoa» azpimarratu du Maritxu Paulus Basurko abokatuak. «Oso pozik» agertu da erabakiarekin, eta «urte luzeko borrokaren emaitza» dela erran du. «Erakusten du arrazoia genuela urte hauetan guzietan; zilegitasuna ematen dio egin dugun borrokari». Espero du Estrasburgoren ebazpena baliagarria izanen dela Europako edozein herritan eri diren gainerako presoentzat. 

Fernandez Iradi urte luzez egon zen preso Lannemezango espetxean (Okzitania), eta han zegoela egin zituzten haren abokatuek aske uzteko eskaerak. Frantziako epaitegiek aske uzteko eskaerari entzungor egiten ziotela ikusita, presoak eta haren aldeko abokatu taldeak erabaki zuten Europako atea jotzea. «Ibonek behar zuen tratu medikoa jasotzea oztopatu zuten», deitoratu du Paulus Basurkok.

Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten Frantziako auzitegien erabakiaren aurka egiteko, eta gaur heldu da ebazpena. Estrasburgok arrazoia eman dio Fernandez Iradiri. Ebatzi du Frantziak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu zuela, baita presoaren eskubideak ere. Torturak eta tratu txarrak debekatzen ditu 3. artikulu horrek.

2003an atxilotu zuten bigarren aldiz, eta, Frantziako hainbat espetxetan preso egon ostean, Espainiara bidali zuten aldi baterako. Orduan diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza.

Luzaroan Lannemezango espetxean preso egon ostean, Fernandez Iradi Euskal Herrira ekarri zuten 2020an, Martuteneko espetxera, eta orain hirugarren graduan dago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.