Ibon Goieaskoetxea euskal presoaren bikotekidea eta bi seme-alabek auto istripua izan zuten astelehen arratsaldean, Tolosan (Okzitania), Arlesko espetxera (Frantzia) zihoazela, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Aurreko autoak bat-batean galgatu egin zuen eta ezin izan zuten ezer egin kolpea saihesteko. Aurreko kotxea jo ondoren, atzetik zetorrenak jo egin zien. Goieaskoetxearen hiru senideak ongi daude, zauririk gabe, baina autoa erabiltezin geratu da.
"Urrunketak aurten eragindako errepideko hirugarren ezbeharra izan da hau", gaitzetsi du Etxeratek. "29 urte hauetan 400 ezbeharretik gora eta mila zauritutik gora eragin ditu urrunketa politika honek, eta astebururo-astebururo biktima berriak eragiten jarraitzen du. Sufrimendu honen isla dira gure 16 lagun eta senideren biziak erauziak izan direla sakabanaketa politika honen erruz.
Ezbeharra salatzeko eta Ibon Goieaskoetxearen senide eta lagunei elkartasuna helarazteko, elkarretaratzeak deitu ditu Etxeratek. Asteartean Bilbon, 19:30ean, Areatzan. Asteazkenean Donostian, 19:00etan, Bulebarrean; Gasteizen, 19:30ean, Andra Mari Zuri plazan; eta ostiralean Iruñean, 20:00etan, Sarasate pasealekuan.