Identitatetik autodeterminaziora

Eraldatzen proiektua sortu du Ane Barrenetxek, «gizarte binarioa» astintzeko. Ez-binarismoa plazara eramateak «efektu arraro bat» sortu du haren inguruan: zenbait gorputz astundu dituen arren, pisu horrek areago askatu ditu.

Ane Barrenetxe ‘Eraldatzen’ kamisetarekin, Elizondoko enparantzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ane Barrenetxe ‘Eraldatzen’ kamisetarekin, Elizondoko enparantzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2026ko uztailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez dut ulertzen kontzeptua», esan zion batek kamiseta hartu aurretik. «Baina ulertzen dut zer sentitzen duzun». Eraldatzen irakur zitekeen bular parean. Kamiseta ez zuen erosi generoari buruzko eztabaidetan murgildutako gazte batek, ezta sare sozialetan ez-binarismoari buruzko edukia kontsumitzen duen norbaitek ere. Lagun baten aita zen. Baztango gizon heldu bat. «Betikotasunean trankil» bizi diren horietakoa. Ez zekien, ziurrenik, ez-binarismoa definitzen. Baina Ane Barrenetxeren (Elizondo, Nafarroa, 2006) mugitzeko beharra ez zuen horren urrun sumatzen. Zerbait mugitu zitzaiolako erosi zuen kamiseta. Barrenetxeren mugitzeko beharra ulertzen zuelako. Hor hasten da Eraldatzen.

«Eraldatu hitza handia iruditzen zitzaidan», azaldu du Barrenetxek, haren proiektuaren izenburuaz galdetzean. Hala, aurtengo martxoan Instagrameko kontu bat sortu zuen, bere prozesua partekatu ahal izateko. «Nire barrena eraldatu nahi dut, baina baita gizartea ere: gizarte binarioa. Nire begietatik mundua nola ikusten dudan erakutsi nahi dut».

«Nire barrena eraldatu nahi dut, baina baita gizartea ere: gizarte binarioa. Nire begietatik mundua nola ikusten dudan erakutsi nahi dut»

ANE BARRENETXE Eraldatzen proiektuaren sortzailea

Barrenetxek Eraldatzen izendatu du proiektua, aditza orainaldian utzita. «Momentuan presente dagoen aldaketa bat da. Gertatzen ari den zerbait. Jendea erne egotea nahi nuen: aldaketa orain ere gertatzen ari da». Izan ere, horixe bera ikusi du Barrenetxek bere inguruan, eta hala erakusten du bere sareetan. Ez du amaitutako emaitza gisa erakusten eraldaketa, ezta irudi perfektu eta atsegin gisa ere. Zalantzak, pozak, beldurrak eta kezkak. Osasun sistemarekiko talkak eta haren kontrako aldarriak. Merchandising-aren salmenta. Hori guztia biltzen duen eguneroko partekatua da Eraldatzen: Barrenetxek kontakizuna bera bihurtu du eraldaketa.

Publikoki egitea erabaki zuen, bazuelako zeri eutsi. Gorabeherak gorabehera, bazekien familiaren, lagunen eta herriaren «maitasuna» izango zuela. «Alde horretatik, zorionekoa naiz». Alabaina, Barrenetxek ez ditu ahaztu inguruan bizi izan dituen esperientziak. Baztanen bertan, antzeko egoeran egon ziren zenbait lagunek ez zuten lortu ingurua mobilizatzea. 

Pisua

Oinarri hori dardarka hasten denean sortzen dira eraldaketak. Barrenetxek ez du bere burua bakarrik ikusi eraldatzen prozesua sare sozialetan partekatzen hasi zenetik. Ingurukoak ere mugitzen hasi dira: «Aldaketa nabari dut nire inguruko guztian. Lagunengan. Amarengan. Aitarengan. Ikusi dut inguruko jendea ere eraldatzen».

«Efektu arraro bat» sortu du horrek: identitatetik harago, harremanak eraldatu ditu. Zehazki, gizonekin harremanak izateko modua nola aldatu den azaldu du Barrenetxek: «Lehenengo bideo potentea igo eta gero, festetan nabaritu nuen». «Betiko lagun ziren gizon batzuek ez zekiten nola hurbildu nigana. Ikusten nuen gaizki pasatzen ari zirela. Hurbildu nahi zuten, baina ez zekiten nola. Esaten nien: 'Aizu, zer ari zarete?'». Barre egiten du kontatzean. «Nik banekien hurbildu nahi zutela. Gauza da ez zekitela nola».

Barrenetxeren hitzetan, kontua ez da «gehiago kostatzen zaiela ulertzea; ulertu eta errespetatu egiten dute». Itxuraz denak berdin dirauen arren, behin bere burua ez-binario gisa aurkeztuta, inguruko lagun mutilak bestelakoa den harreman batean tokia egin guran dabiltza: «Ez dakite nola hurbildu».

Itxuraz denak berdin dirauen arren, behin bere burua ez-binario gisa aurkeztuta, inguruko lagun mutilak bestelakoa den harreman batean tokia egin guran dabiltza: «Ez dakite nola hurbildu»

Bat-batean, urteetan ikasitako keinuek ez dute balio. Agurtzeko modu batek zalantza sortzen du. Txantxa batek ez du lehen zuen tokia. Kontzientzia horrek pisatu egiten du. Eta arduratu egiten du: «Huts egitearen beldur dira». Gorputza astuntzen zaie, orain arte ikasitakoa ez baita bat-batean askatzen: «Pisua nabari diet».

«Arraroa izan arren, sentitzen dut gizon horiek badutela nirekin espazio bat, bertze leku batzuetan ez dutena». Generoaren ziurtasuna bera astintzen du ez-binarismoak. «Bertze batzuek ere bertan aurkitu dute lehen existitzen ez zen leku bat», nabarmendu du. Izan ere, ziurtasun hori dardarka hasten denean, beste modu batera egoteko aukerak irekitzen dira: «Sortzen diren leku berrietan, noski, harremanak diferenteak dira».

«Arraroa izan arren, sentitzen dut gizon horiek badutela nirekin espazio bat, bertze leku batzuetan ez dutena»

ANE BARRENETXE Eraldatzen proiektuaren sortzailea

Horrek, batzuetan, zera dakar: askatzen hasten direla askatzea erabaki gabeko korapiloak. Kideen aldarriak praktika bilakatzen direnean gertatzen da hori, Barrenetxek azaldu duenez: «Itxuraz identitate aldarriak diruditenak praktikatzean bilakatzen dira guztionak. Ez-binarismoa mundu guztiarekin solastatzen da». Identitatetik autodeterminaziora. 

Mastektomia

Bularrak kentzeko ebakuntza ordaintzeko saltzen du Barrenetxek merchandising-a. Osasun sistema pribatuan egiteko asmoa du, behin osasun sistema publikotik igarota. Zehazki, lau kontsulta egin zituen medikuarekin. Laugarrenean joateari uztea erabaki zuen: «Ez dut bueltatzeko asmorik».

Mastektomia egiteko bidea hasi zuenean, ziurtagiri bat behar zuela jakinarazi zioten: «Transexualitatearen diagnostiko antzeko bat». Kontsultaz kontsulta, sentsazio bera pilatuz joan zitzaion: «Trauma bila ari ziren». Zauriren baten bila, galderak luzatu egiten ziren, elkarrizketak ere bai. Haren erabakiaren jatorria arakatzen zuten behin eta berriz: «Bazirudien aitzakia bat behar zutela galdetzeko ea benetan operatu nahi nuen».

«Bazirudien aitzakia bat behar zutela galdetzeko ea benetan operatu nahi nuen»

ANE BARRENETXE Eraldatzen proiektuaren sortzailea

Nafarroako Osasunbidean, gainera, ebakuntzarako zerrendak luzeagoak dira Osakidetzan baino. Mastektomiek bularreko minbiziaren ebakuntza berak dituzte, eta lehentasuna minbizia duten pazienteek dute. «Ulertzen dut», esan du, «baina gure disforiak ere ezin du lau urtez itxaron».

Horregatik abiatu zuen diru bilketa, «inpotentziatik». Azaldu duenez, merchandising-a ez da finantzaketa bide soil bat, ezpada komunitatea egiteko eta identifikatzeko modu bat. «Izan ere, askotan queerrok antolatuta gaudela esan arren, ez dut beti sentitu sare horiek benetako helduleku izan direnik. Maiz sare anitz lausoak dira, ez komunitate trinkotuak».

Barrenetxek mugiarazi egin ditu kontzienteki askatzea erabaki ere ez duen zenbait korapilo. Gogorra izan arren, horrek areago askatu du, baita haren ingurua ere

Proiektuak ere antolakuntza kolektiboari eman nahi dio bide. Azken hilabeteetan, esaterako, Baztan-Bidasoan lehen asanblada queerra antolatu dute. Barrenetxek uste du gune horiek beharrezkoak direla, batez ere herri txikietan. 

Mugitu dira lagunen aitak. Jaietan hurbiltzen asmatu ez duten gizonak. Amarekin izandako elkarrizketak. Eta, agian, Barrenetxek mugiarazi egin ditu kontzienteki askatzea erabaki ere ez duen zenbait korapilo. Gogorra izan arren, horrek areago askatu du, eta baita haren ingurua ere. Horretan segituko du: jendea preso bizi ez den mundu bat lortu arte, denontzat nonahi tokia egongo den jendarte baten alde borrokan». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA