Pedro Sanchez 11 urteko Peugeot 407 batekin atera zen Espainiako errepideetara 2016an, alderdi barneko liskarrek eraginda PSOEko idazkari nagusi gisa dimititu ondoren. Espainiarrekiko harreman galdua berriz eraikitzea zen bidaiaren helburua. Gauza bera egin nahi du, orain, Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrekin. Idoia errepidean kanpaina aurkeztu du goizean Bilbon. Furgoneta beltz batekin, herriz herri ibiliko da datozen asteotan, «herritarren kezkak entzuten eta sozialisten proposamenak azaltzen».
Hauteskundeek «erlojuak ordu berean ipintzeko aukera eman digute erakunde guztietan, politika guztiak ordenatzeko», adierazi du. «Euskadin, Espainian bezala eta Europa osoan bezala, erronka garrantzitsuak ditugu». Industriako iraultza digitala aipatu du, trantsizio ekologikoa eta berdintasunaren erronkak, eta «inor bazterrean ez uztea».
Boto sozialista bakoitzak enplegua, eskubideak eta zerbitzu publikoak defendatzeko balioko du. #Idoiaenrutapic.twitter.com/osJchn5Qxz
— Idoia Mendia (@IdoiaMendia) February 14, 2020
Bozak erakundeen «koherentzia eta egonkortasuna bermatzeko» aukera direla esan du, eta bere alderdiak aliatuak alor guztietan aurkitzen jakin duela, «euskal politikan, gizarteko eta ekonomiako eragileen artean, eta, orain, Espainiako Gobernuan ere, udal eta foru aldundietan, eta Europan».
EITBk atzo plazaraturiko galdeketaren emaitzek erakutsiko lukete «gure lekua berreskuratzen ari garela», Mendiaren arabera. Inkestak 12 eserleku aurreikusten dizkio PSEri.