Erasoa

Idoia Mendia: «Iraganarekiko nostalgikoa den jende gehiegi dago oraindik»

Patxi Ruizen eta amnistiaren aldeko panfletoak bota zituzten atzo PSEren lehendakarigaiaren etxeko atarian, eta Mendiak esan du «jasanezinak» direla halako erasoak: «Zure etxera hurbiltzen direnean, zure eguneroko bizitzara eta zure familiara, logikoki, jauzi kualitatibo bat dago». Elkartasuna adierazi diote Maddalen Iriartek, Iñigo Urkulluk, Miren Gorrotxategik eta Carlos Iturgaizek.

Idoia Mendiaren etxe atarian bota dituzten panfletoetako bat. PSE-EE
Jon Ordoñez - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2020ko maiatzaren 20a
09:11
Entzun

Atzo gauean, ezezagun batzuek pintura gorria bota zuten eta «hiltzailea» idatzi zuten Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiaren etxean. Horrekin batera, hainbat panfleto bota zituzten, «Patxi Ruiz, gose eta egarri greban. Idoia Mendia eta PSOE, hiltzaileak. Amnistia osoa» ziotenak. 22:00 inguruan gertatu zen erasoa.

PSE-EEk gaitzetsi egin du erasoa, eta «marra gorri guztiak» gainditu direla ohartarazi du: «Jende hori sobera dago, Euskadin intolerantzia eta euskal gizartearen aniztasunarekiko mespretxua beti egon diren bezala». PSEk nabarmendu du alderdiko burua dela eta uztailaren 12ko bozetako lehendakarigai dutela Mendia, eta «demokratek» erasoaren aurka bat egitea espero duela.

Idoia Mendiak esan du «jasanezina» dela bere etxeko atarira joan izana, eta ezker abertzaleari egotzi dio gertaturikoaren «erantzukizun morala»: «Eskatuko nioke Maddaleni irmoagoa izateko. Ezker abertzaleak erantzukizun morala dauka ekintza hauekiko; irmoa izan beharko luke, eta errotik moztu beharko lituzke horrelako jokaerak. Horrelako ekintzak egiten dituen jendeak jakin behar du ez dutela inongo alderdi politikoren babesik». «Iraganeko» garaiei egiten die erreferentzia gertaturikoak, haren ustez: «Bazirudien garai berri batean ginela, baina iraganeko jende nostalgiko gehiegi dago oraindik, intolerantea».

Alderdi guztien gaitzespena

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek adierazi diote gaitzespena gertaturikoari. Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak adierazi du onartezina dela bai erasoa, bai hori ikusirik isilik geratzea ere. «Justifikaziorik gabea» da gertaturikoa, lehendakariaren ustez. Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko lehendakariak «arbuioa» erakutsi die «faxista abertzale faltsuei», eta adierazi du pintura bota dutenek «iragan ilun batera itzularazi nahi gaituztela»: «Ez dute lortuko; ez diegu utziko». EAJren Araba Buru Batzarrak salatu du, gainera, Gasteizko batzokian ere egin dituztela pintaketak bart. «EAJ hiltzaile» eta «amnistia» mezuak agertu dira idatziak.

EH Bilduko lehendakarigai Maddalen Iriartek elkartasuna adierazi dio Mendiari, eta esan du horrelakoek ez dutela laguntzen «bakearen eraikuntzan». Gaineratu du bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan aurrera egiteko pausoak eman behar direla. Euskadi Irratian goizean egin dioten elkarrizketan adierazi du «marra bat gainditu» dela Mendiari pintura gorria botatzearekin: «Guk ez ditugu horrelako ekintzak babesten». Patxi Ruizen egoera «oso larria» dela nabarmendu du Iriartek, eta «eskubide guztiak pertsona guztientzat» aldarrikatzen dituela EH Bilduk, hala presoenak nola Idoia Mendiarenak.

Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-ko lehendakarigaiak esan du erasoa egin dutenak «burugabeak» direla eta ez dela Mendiaren kontrako erasoa, «gizartearen kontrakoa baizik». Erasoa egin dutenei buruz gaineratu du «demokraziaren aurka» daudela eta ez dutela «ez gizartea ez deus ulertzen».

Carlos Iturgaiz PP-Ciudadanos koalizioaren lehendakarigaiak ere esan du erasoa onartezina dela, eta «nazkagarria» dela gaineratu du. Hala adierazi du Twitterren: «Egunotako kaleko biolentzia ekintzak ezker abertzaleko ETAren aldekoengandik datoz, zeinak gizarte honen zaborra baitira». PPko Amaya Fernandezek alderdiaren izenean eskatu du adierazpen instituzional bat egin dadila Eusko Legebiltzarrean gertaturikoa salatzeko.

Foro Sozialak «positibotzat» jo du talde politikoek erasoa dela-eta «aho batez» emandako erantzuna. «Horrelako ekintzek zaildu egiten dute adostasunak garatzea presoei konponbide integrala emateko».

Bilboko Udalak ere bai

Mendiaren senarra eta bizikidea den Alfonso Gil Bilboko zinegotzi eta alkateordearen aldeko mezuak ere zabaldu dituzte Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdiek. Juan Mari Aburto alkateak «arbuiagarri, intolerante eta faxistatzat» jo du gertaturikoa, eta adierazi du «bizitza osoan zehar biolentziaren arloan aritu eta beste ezer egiten jakin ez dutenek eskain diezaguketen bakarra» dela. Halako gertaerei erantzutean «isiltasuna konplizea dela» gaineratu du.

Bilboko EH Bilduk elkartasuna adierazi die Mendiari eta Gili, eta erasoa «tokiz eta testuinguruz kanpo» dagoela esan du. Jone Goirizelaia bozeramaileak azaldu du «aniztasun ideologikoa errespetatzeak balio bortxaezina izan behar duen Euskal Herriaren alde» daudela, eta «elkarbizitza demokratikoa eraikitzearen eta finkatzearen alde».

Bilboko Udaleko Elkarrekin-Podemoseko bozeramaile Ana Viñalsek ohartarazi du halako gertaerek «gizartea zatitu eta demokrazia urritu» egiten dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.