Duela bi aste, azaroaren 3an, berriz ireki zuten Miarritzeko (Lapurdi) Gilles urgentziazko aterpetxea, Atherbea elkarteak kudeatzen duena, zenbait hilabetez hetsia egon ondotik. Hauturik ez zuten izan zerratzeko, aurtengo martxoan langileek lanetik aldi baterako erretiratzeko baimena baliatu baitzuten, egoiliarretarik bat haietariko bati zintzurra egiten entseatu ondotik. Lan giroa lanjerosegia bilakatua zitzaien, eta Gilles etxea langilerik gabe baratu zen. Lanera itzuli dira geroztik, baina egoera ez da aldatu: Frantziako Estatuaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren diru laguntzek etenik jarraikitzen dute, eta zuzendaritzak hitzeman zizkien baldintzak ez dira bermatuak. Gilles etxearen kasua egoera orokortu baten adierazlea da: geroz eta murrizketa gehiago egin dira jadanik biziki baldintza prekarioetan ari ziren arloetan, gizarte lanenean honakoan. BERRIA Atherbeako zuzendaritzarekin harremana egiten entseatu da behin eta berriz, baina ez du sekula elkarrizketarik lotu; langile batekin mintzatu da, haatik anonimotasuna atxiki nahi izan duena.
«Langile eskasia salatzen dugu, eta usu bakarrik gertatzea lan txandan, jakinez bortizkeria emendatzen dela. Zuzendaritzak ez gaitu behar bezala kontsideratzen... martxoan bezalako gertakari bat iragaten den arte: gauzain bati kasik zintzurra egin zioten arte». Harriturik eta nahigabeturik mintzo da Gilles etxeko Jon langilea —asmatutako izena da—. Zenbait urte dira bertan lan egiten duela, eta azaldu du denbora aitzina beti gehiago galdegin zaiela, beti jende gutxiagorekin; «jendea joanik ere ez baitira ordezkatu», eta egin beharreko lan zamak aitzineko bera izaten segitu baitu.
Bortizkeria, gora
Langile eskasiari bortizkeria kasuen igoera gehitu zaio. Joni iruditzen zaio lehen karrikako jende anitz joan ohi zela urgentziazko aterpetxera, baina orduan harremanak errespetu handiagoz egiten zirela; kontatu duenaz, «kasik egunero irainduak» ziren azkenaldian. Martxoan lanetik erretiratzeko baimena baliatu zutelarik, Jonek argi zuen aterabideak atzeman beharko zirela, gunea ezin baitzen betiko hetsirik egon, jende baten beharrei erantzuten baitio preseski. Langileek berek hiru proiektu landu zituzten —horien zerbitzuburuarekin elkarlanean— lan baldintza zehatzak finkatzen zituztenak: «Proiekturik txarrenari ere ezezkoa eman dio DDETS egiturak [enpleguaren, lanaren eta elkartasunaren departamenduko zuzendaritza]»; orduan, Atherbeak ezin Gilles etxea berriz ireki.
Elkarrizketak aitzina, azaroaren 3an berriz irekitzeko hitzartu ziren azkenean —langileak elkarrizketatik kanpo—, «baldintza oraindik txarragoetan», Jonen ustez. Halere, Atherbeako zuzendaritzak langileei adierazi die hobekuntza batzuk egin dituztela: «Segurtasuna hobeki bermatzeko obrak egin direla, eta, lehen ez bezala hautaketa zorrotza eginen dela: hots, haur eta emazteei eginen diegula harrera, batez ere, edo adikzioak dituzten baina horietarako artatuak diren pertsonei». Hori ez aski, Jonek salatu du horien galde nagusiari aterabiderik ez zaiola eman, bakarkako lan txandak betetzen segitu beharko baitute; horretan ikusten dute, hain zuzen, egoiliarrei begirako lanjer bat, aukerarik ez baitu uzten egoera gatazkatsu batean bi langilek elkar zaintzeko edo elkarri laguntza ekartzeko.
Atherbea elkarteko beste zerbitzuetako langileei Gilles etxera telelana egitera joatea galdegin behar zieten, edo elkarteko laguntzaileen txanda batzuk hartzea, baina aterpetxea duela bi aste ireki zen berriz, eta, Jonek dioenaz, nehor ez da agertu. Dena den, ahalkegarria iruditzen zaio «langile eskasia laguntzaileekin betetzea».
Horretaz guztiaz gainera, Gilles etxeak afaririk ez die gehiago eskainiko egoiliarrei —gosaria besterik ez—, eta langileek hilabetean bi asteburu eta erdi egin beharko dituzte, hots, lehen baino asteburu oso bat gehiago. Dena den, urtarrilaren 15era arte besterik ez da irekia egonen Gilles etxea, betiko hetsiko duten arte, hain zuzen. Jonek uste du «lan dorpea betetzera berriz bidali» dituztela 2025eko urteari dagozkion diru laguntzak jaso ahal izateko; etorkizunari begira, momentukoz, langileei aterabiderik ez zaie eskaini.
Dirua, behera
Gilles urgentziazko aterpetxeaz beste, Atherbea elkarteko zerbitzu anitzek zailtasunei aurre egin behar izaten diete, dela langile eskasiagatik edo eraikinak gehiegi andeatuak direlako baldintza egokietan lan egin ahal izateko; Baionako eguneko harrera zentroaren kasuan gertatzen den bezala, adibidez. Emeki-emeki, denetarik kentzen dituzte diru laguntzak Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Frantziako Estatuak; Euskal Hirigune Elkargoak besterik ez du dirua ematen segitzen, momentukoz.
«Badu zenbait denbora dirurik ez dela gehiago, sentitzen dugu... Ez da Atherbean bakarrik, denetan da: soziala peko errekara doa; langileak joan-jinean ari dira. Nik hemen jarraitzen dut lanbide garrantzitsua delako, eta, halere, jendea laguntzen dugulako». Maluruski, egiazki dagoen galdeari ezin diote erantzun, geroz eta prekaritate handiagoa izanik ere geroz eta diru gutxiago ematen baitzaie gizarte lanbideei; itxaron zerrendak daude egitura guzietara sartzeko.
Peio Dufau seigarren hautesbarrutiko EH Baiko diputatua Frantziako 2026ko buxeta bozkatzen ari da urte hondar honetan, eta argi dio: «Sozialerako dirurik ez da ezartzen, eta horren alde borrokatzen segitu beharko dugu».
84 leku negurako
Aurten ere, urtero bezala, negurako urgentziazko aterpetxe lekuak ireki ditu Atherbeak azaroaren 10etik geroztik: 84 dira, lau gunetan banatuak Lapurdiko kostaldean: Angelun, Baionan, Miarritzen eta Hendaian. Urtean zehar 40 leku dira, Gilles etxekoak, eta hotzaren garairako leku kopurua doblatu ohi dute. Joan den urteko datuak ere zehaztu dituzte: 477 pertsonari harrera egin zieten, horietarik 69 emazteak. Aurtengo sasoirako, laguntzaileei deialdia berritu diete.
Â
Â