ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Igandean egingo dituzte burujabetzaren aldeko mobilizazioak Nafarroan

Bederatzi udalerritan egingo dituzte, 'Hemen erabaki, herritarrok erabaki' lelopean.

Ekainaren 7an, besteak beste Gasteizen atera zituzten aldarriak Foruen plazara. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2020ko ekainaren 18a
13:21
Entzun

Ekainaren 6an eta 7an, 50 bat herritan antolatu zituzten erabakitzeko eskubidearen eta burujabetzaren aldeko ekinbideak, Gure Esku dinamikaren ekimenez. Aldarri ugari jasotako afixak eraman zituzten herritarrek plaza publikora, denbora tarte batean, COVID-19aren eraginez jende multzoak elkartzeko ezarritako mugak errespetatzeko.

Datorren igandean, Nafarroako bederatzi herritan egingo dituzte gisa bereko mobilizazioak: Arbizun, Beran, Donezteben, Etxarri Aranatzen, Goizuetan eta Lakuntzan, herriko plazan; Bakaikun, Santio plazan; Lizarran, Santiago plazan; eta Oteitzan, El Raso plazan. Oteitzan, 13:00etatik eta 14:00etara bitartean gauzatuko dute mobilizazioa, baina, gainerako herrietan, 11:00etatik 14:00etarakoa izango da epea.

Parte hartzeko, norberak, bere aldarria kartoi zati batean idatzi, eta etxetik plazara eraman beharko du, eta lurrean utzi.

[Youtube]https://youtu.be/LyRY373x14I[/Youtube]

Hemen erabaki, herritarrok erabaki lelopean, plaza publikoa «berreskuratu eta aldarriz betetzeko» helburuz deitutako egitasmoa da ekainaren 6-7an eginikoa eta etziko prestatutakoa, Gure Esku-ren arabera, «adierazteko osasun krisiari eta krisi sozial eta ekonomikoari ezin zaiola herritarroi bizkar emanda erantzun; alegia, krisiei hemen eta guztion artean erantzun behar diegula, erabakitzeko eskubidean eta burujabetzan sakonduz».

Martxoaren 11n abiatu zuten Hamaika Gara egitasmoa, eta etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki ahal izateko sinadura bilketa bat hasi zuten. Udaberrian ekinbide hori sustatzeko mobilizazioak egitekoak ziren, baina, osasun krisiaren ondorioz, atzeratu egin behar izan dituzte. Dena den, Hamaika Gara egitasmoaren webgunean sinatu daiteke kaleratutako manifestua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.