Azken urteetan torturak salatu dituzten herritar talde batek argi du beharrezkoa dela «herritarren kontzientziak astintzea» denen artean indarrak batu daitezen tortura ezabatzeko. Horregatik, igandean, 12:00etan, Iruñeko autobus geltokitik irtengo den manifestazioan bat egitera deitu dute.
Euskal Herrian, azken 30 urteetan 10.000 herritar inguruk salatu dituzte torturak. Horietako batzuen izenean, atzo prentsaurrekoko edukia irakurtzea egokitu zitzaion Araitz Amatriari. Beste hiru gazte nafarrekin batera, 2008ko urriaren 28an atxilotu zuten Iruñean, eta torturak salatu zituen. Bi urte espetxean egon ostean, abenduan aske utzi zuten.
Atzo, Amatriak nabarmendu zuen inkomunikatutako denbora tarte hori «bizitzako unerik latzenetako bat» dela torturak jasan dituztenentzat. «Ezinezkoa da azaltzea psikopata horien esku egonda sentitzen dena: inongo babesik gabe, bakartuta, haien esku zaude, inongo kontrol judizial, mediku zaintza edo arreta psikologikorik gabe».
Amatriak gogora ekarri zuen lekukotasun bakoitzak «infernu haren itzulera» ekartzen duela. «Ezin duzue irudikatu zer gogorra den guretzat egoera horretan bizi izan dugunaren lekukotasuna adieraztea». Dena den, azpimarratu zuen ez dutela egiten «errukia eragiteko», herritarren kontzientziak astintzeko baizik.
Parlamentuaren erabakia
Atzo, Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak iraila geroztik Nafarroan izan diren torturak ikertzeko batzorde bat sortzeko NaBairen eskaera atzera bota zuen. UPNk, PSNk, IUNek eta CDNk kontra bozkatu zuten.
Arratsean, 20:15ean, gehienez hogei kideko taldetan protestak egin zituzten Sarasate pasealekuan, deialdia Espainiako Gobernu ordezkaritzak debekatu arren.
Igandean Iruñean torturaren aurka «indarrak batzera» deitu du herritar talde batek
Parlamentuak atzera bota du Nafarroan izan diren azken salaketak ikertzeko batzorde bat eratzeko eskaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu