Igandean da bularreko minbiziari eskainitako nazioarteko eguna, eta, horren harira, kalera ateratzeko deia egin dute bularreko minbizia duten andreek. Bularreko minbizia ez da arrosa leloa ozenduko dute. Bilbon elkarretaratzea izango da, Arriagan; Donostian ere bai, Bulebarrean. 12:00etan izango dira.
Propio protesten berri emateko atera duten ohar batean azaldu dute zer aldarri dituzten. Arta hobea eskatuko dute, eta ikerketan aurrerabideak egitea. Xingola arrosaren erabilera «komertziala» ere kritikatuko dute, emakumeen arabera ikur horren erabileratik ateratzen den irabaziaren «apur bat» bakarrik erabiltzen delako gaixotasunaren arta hoberako.
Halako keinuez harago, «benetako konpromiso politikoa» eskatuko dute, uste baitute bularreko minbizia osasun publikoko arazotzat jo beharra dagoela. «Gaixotasun bat da, eta eskatzen ditu ikerkuntza, zaintza eta ekitatea. Ez dugu nahi erakusleiho arrosarik; politika publikoak nahi ditugu, ikerkuntza publiko gehiago, gardena, eta gizartera bueltan itzultzen dena».
Euskal Herritik kanpo ere izango dira protestak. Herrialde Katalanetan izango dira, Valentzian eta Bartzelonan; Espainian, Madrilen. Euskal Herrikoetarako deia Izan Inurri elkarteak egin du.