Igandera arte atxikiko dute atxilo Zaruma ustez hil zuena

Bikotekide ohiak ukatu egin ditu egotzitakoak, baina haren jarreran kriminaltasun zantzuak daudela dio epaileak

Erredakzioa
Iruñea
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Yanela Zaruma gaztearen hilketarekin zerikusia izateagatik atxilo hartutako E. R. G. LL.-k igandera arte jarraituko du atxilotuta Nafarroako Foruzaingoaren eskuetan. Hala erabaki zuen atzo Iruñeko 4. instrukzio epaitegiak, gizonaren deklarazioa entzun ostean.

Hain zuzen ere, hildako gaztearen bikotekide ohia da E. R. G. LL., eta orain arte Poliziaren ikerketa nagusiak haren inguruan egin dira. Izan ere, Zarumaren senideek salatu zuten berarekin telefonoz izandako eztabaida baten ostean atera zela emakumea etxetik, eta geroztik ez zutela gehiago haren berririk izan. Harik eta hurrengo goizean —astelehen goizean— Beriaingo aintzira batean neskaren gorpua aurkitu zuten arte. Gorpuak indarkeria arrasto nabariak zituen, eta lehen unetik hilketa baten biktima izan zelako hipotesiarekin lan egin du Poliziak.

Akusatuak ukatu egin zuen epailearen aurrean hilketarekin zerikusirik izan duela, baina orain arte egindako hainbat zantzuk kontrakoa adierazten dutela uste dute Poliziek, hainbat hedabidek ikerketako iturriak aipatuz azaldutakoaren arabera. Era berean, 4. instrukzio epaitegiko epaileak jakinarazi du «kriminaltasun zantzu arrazionalak» daudela Zarumaren bikotekide ohiaren jarreran. Hori jakinarazi zuen epaileak, gizonaren atxiloaldia luzatu duela jakinarazteko egindako autoan.

Hildako emakumeak eta atxilotutako gizonak hiru urteko ume bat zuten elkarrekin. Yanela Zaruma eta haren familia Ekuadorkoak dira jatorriz, baina urteak daramatzate Nafarroan. Zaruma eta haren bikotekide ohia elkarrekin bizi ziren Iruñean iaz arte. Iaz Ekuadorrera elkarrekin egin zuten bidaia baten ostean harremana eten egin zuten, eta geroztik emakumea Burlatara joan zen bizitzera, gurasoekin.

Yanela Zaruma da genero indarkeriarekin lotuta aurten Euskal Herrian hildako lehenengo emakumea. Duela hiru aste Azpeitian Amaia Azkue oriotarra aurkitu zuten hilda, indarkeria arrastoekin. Amaia Azkue hil zuena lapurreta egitera joan zitzaiola uste dute ertzainek. Oraingoz ez dute inor atxilotu kasu horrekin lotuta.

Elkarretaratzera deitu dute

Hildako emakume gaztearen familiak elkarretaratzea egitera deitu ditu herritarrak, bihar, Iruñeko Gazteluko plazan, arratsaldeko seietan. Zarumaren hilketa gaitzesteaz gain, familiari babesa agertzeko eskatu dute deialdiarekin bat egin duten hainbat elkartek. Egun hauetan hilketa salatzeko hainbat eta hainbat mobilizazio egin dituzte Euskal Herri osoan. Atzo bertan Arrasaten egin zuten protesta ekitaldia, hango Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Plataformak deituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.