Igeldoko auzo udala sortzea onartu du Donostiako Udalak

Heldu den urte hasieran galdeketa bat egin nahi dute, eta, baiezkoak irabazten badu, aldundiak izango du azken hitza.

IGELDO
Igeldo, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
2023ko abenduaren 26a
21:49
Entzun

Donostiako udal gobernuak onartu du auzo udala sortzea Igeldon. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, urtarrileko osoko bilkuran eztabaidatuko dute gaia, eta, onartuz gero, herri galdeketa bat egitea izango da hurrengo urratsa: igeldoarrek erabaki ahal izango dute auzo udal bihurtu nahi ote duten. 2024ko urtearen lehen erdian egitea espero dute.

Baina bidea ez da hor bukatuko. Galdeketaren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geldituko da erabakia, harena baita auzo udalak sortzeko eskumena. Alde guztien artean akordioa izanez gero eta herri galdeketak babestuz gero, baina, aldundiak ez du kontra egingo alde guztiak ados baldin badaude, Goiaren arabera. Ez da segurua noiz hartuko duen erabakia, baina Donostiako alkateak uste du 2024an zehar izan litekeela.

Donostiako Udalak eta Igeldoko herria ordezkatzen duen elkarteak aurreko agintaldi osoa eman dute negoziatzen, udal auzo horrek nolakoa izan beharko lukeen. Goiak azaldu du prozesu «nahiko luze eta konplexua» izan dela, baina azkenean hitzartu dituztela auzo udalaren eskumenak eta ezaugarriak, eta horri esker onartu dutela gaur sortzeko testua.

Igeldok herri bilakatu nahi izan du aspalditik, eta, orain dela hamar urte, 2013ko azaroan, herri galdeketa bat antolatu, desanexioaren aldeko jarrerak irabazi, eta Gipuzkoako 89. udalerria izango zela ere aldarrikatu zuten. Baina, gero, instituzioek eta auzitegiek ez diote biderik eman erabaki hari. Hartara, Igeldoko herritarrek beste bide batzuk arakatu dituzte, eta auzo udal bihurtzeko aukera planteatzen hasi dira, udal baten eskumen guztiak ez badira ere ahal batzuk lortzeko eta baliabide batzuk kudeatzeko aukera ematen baitu instituzio horrek. Horrela hasi ziren negoziatzen Donostiako Udalarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.