Iazko urtarriletik asko izan dira Euskal Herrira itzultzea erabaki duten iheslari eta deportatuak. Haietako asko adinekoak dira edota osasun arazoak dituzte, ordea, —larriak kasu batzuetan—, etxetik urrun egin dituzten urteen ondorioz. Hala ere, oraindik 42 pertsonak osatzen dute kolektibo hori: 33 iheslarik eta bederatzi deportatuk. Horregatik, Foro Sozial Iraunkorrak eskatu du horiei guztiei etxera itzultzeko bidea emateko.
Foroa osatzen duten erakundeen izenean hartu dute hitza Nekane Altzelaik eta Teresa Todak, eta nabarmendu dute 60ko hamarkadatik 2.500 pertsonak egin behar izan dutela ihes atzerrira, babes bila. Mexiko, Brasil, Uruguai, Txile, Erresuma Batua eta Kuba izan dira iheslari horiek hartu dituzten estatuetako batzuk. Baina horiez gain beste 70 pertsona deportatu egin dituzte mundu beste hainbat txokotara, eta haietako hainbat etxetik urrun hil dira.
Horregatik, Foro Sozialak eskatu du erraztu diezaietela etxera itzultzea, prozedura judizialik zabalik ez duten edo preskribatua duten iheslariei. Berdin, torturapean lortutako testigantzetan oinarritutako akusazioak dituztenen kasuan ere. Horrez gain, konponbide juridiko bat ere eskatu dute deportazio zigorra pairatzen dutenentzat: "Beste herrialde batera bidali zituzten, eta luzaroan eta modu mugatuan mantendu dituzte, egoera hori zehazteko inolako prozedura judizialik gabe".
Foroak Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarrera ere salatu du gogoraraziz hark ez diela abokatuei informaziorik ematen iheslarien egoera juridikoari buruz, eta, beraz, oztopatu egiten du haiek normaltasunera itzultzeko aukera. "Beharrezkoa da adostasun zabala lortzea iheslarien itzulera prozesu mailakatu eta ordenatu bat definitzeko, justizia trantsizionalak erraztuta".