Urriaren 12a da gaur, baina, Ikamaren irudiko, ez dago ezer ospatzeko, ez direlako ez espainiarrak eta ez frantsesak. Horiek horrela, Hego Euskal Herriko ikasleentzat herri eskolak antolatu dituzte, eta «faxismoaren gorakada eta espainolismoaren normalizazio gero eta handiagoa» salatu dituzte zenbait ikastetxetan.
Ikasle taldeak azaldu duenez, irailean hasi zuten urriaren 12ari begirako dinamika, Faxismoaren eta espainolismoaren aurrean, ikasleok desobedientzia! lelopean. Ikamaren esanetan, urriaren 12a «identitate espainiar kolonialista eta zapaltzailea» sorberritzeko eguna da, eta jaieguna are arrotzagoa da faxismoaren gorakada eta euskararen aurkako oldarraldi betean.
Horrenbestez, Ikamak herri eskolak antolatu ditu: eskualdeka batu dira institutuetan, eta goiz osoko egitarauak antolatu dituzte. Azaldu dutenez, «ikasleak saretzeko eta ahalduntzeko eta heziketa politikorako» baliatu dute eguna. Izan ere, ziurtatu dutenez, argi dute urriaren 12ak «nazio proiektu espainiarrari» ekarpena egiten dion bitartean Ikamak horri kontrajartzen zaion ariketa egin eta «euskal nazio proiektuari» ekarpena egingo diola.