Ikama ikasle antolakundeko sei kidek epailearen aurrean deklaratu dute gaur goizean, Donostian. Jakinarazi dutenez, Ibaetako (Donostia) Ikama eta Donostiako Euskal Herrian Euskaraz eragileek iazko azaroan elkarlanean egindako egitasmo baten harira deitu dituzte. Halere, sei auzipetuek «ez deklaratzeko eskubidea» baliatu dute; hortaz, fiskaltzak egindako zigor eskaera eta epaiketa eguna jakin zain geratu dira.
Iazko azaroko egun hartan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxearen egoitzara hurbildu ziren Ikama eta EHEko hainbat kide, hari idatzitako gutun bat erregistratzeko asmoz. Salatu dutenez, egoitzaren ateak itxi zizkieten eta gutuna erregistratzea oztopatu, eta Ertzaintzak sei kide identifikatu zituen. Prentsa oharrean zehaztu dutenez, gutun horren bidez eskatu asmo zuten euskararen aldeko «hizkuntza politika ausartak» ezartzeko, iritzita «urgentziazkoa» dela euskararen aurkako oldarraldi judiziala gelditzeko neurriak hartzea.
Hain justu, Ikamako eta EHEko kideek uste dute beren kideen aurkako prozesu judiziala euskararen kontrako oldarraldiaren «beste aurpegi bat» dela, eta gaitzetsi egin dute ikasturteari hasiera «epaitegietan» eman behar izana; hots, «militante euskaltzaleak zein euskararen aldeko ekinaldiak kriminalizatu eta zigortzen dituzten epaitegietan». Hala, instituzioei exijitu diete beren gain har dezatela euskaldunen «hizkuntza eskubideak bermatzeko» ardura.