Ikasle Abertzaleak erakundeko kideak Sortuk erabiltzen duen Bilboko Erronda kaleko egoitzara sartu ziren atzo, goizeko 8:30ean, eta gazte erakundeak ohar baten bidez jakinarazi zuen egoitza ikasle mugimenduarentzat «berreskuratu» duela. IAko kideek egoitzaren sarraila aldatu zuten barrura sartzeko. «Ikasle antolakundearen zein ikasle mugimenduaren eskuetan jartzeko» asmoz egin zuen IAk ekintza. Ikasle mugimenduak oharrean argitu duenez, «antolakuntza premiak» eta «Sortuk modu kontzientean eragin duen arazoa konpontzeko duen borondaterik ezak» bultzatu ditu bide hori hartzera.
IAko kideak egoitzara sartu zirenean, alarmak jo zuen, eta, handik gutxira, Ertzaintza eta Sortuko kide bat bertaratu ziren. IAk emandako bertsioaren arabera, Ertzaintzak atea botatzearekin «mehatxu» egin zien barruan zeudenei, eta adierazi Sortuk haien aurkako salaketa jarriko duela epaitegian. Kalteak eta desobedientzia leporatuko dizkietela egin zien mehatxu Ertzaintzak, IAren arabera. Ikasle mugimenduak oharrean jakinarazi duenez, egoitzaren barruan zeuden IAko kideei elkartasuna adieraztera joandako zortzi ikasle identifikatu zituen Ertzaintzak.
Oharrean, elkarrizketarako deia egin dio IAk Sorturi, «gatazkari behin betiko aterabidea» emateko. «Borondatea eta errespetua» eskatu ditu horretarako: "Elkarrizketak zintzoa eta konprometitua izan behar du, ezinbestean. Erantzuna eman behar zaio Ikasle Abertzaleok dugun azpiegitura premiari".
Gatazkaren jatorria
Aspalditik dator Ikasle Abertzaleak erakundearen eta Sorturen arteko gatazka Bilboko egoitzaren inguruan. IAk egoitza «lapurtzea» egozten dio Sorturi; Sortuk, berriz, egoitza hori «ezker abertzalearena» dela dio, gaur egun IAk «beste posizio batzuk» dituela, eta ezker abertzalearekin zuen aliantza «hautsi» egin duela.
Gatazkaren muina Euskal Ikasle Erakundea elkarteko zuzendaritzaren aldaketan omen dago. IAren arabera, 2018an Sortuk «mugimendu irregularrak» baliatuz hartu zuen egoitzaren jabetza, Euskal Ikasle Erakundea elkarteko zuzendaritza aldatuz eta bazkideei «bizkarra» emanez. Horrela, IAk dio Bilboko egoitzaren jabetza Sortuko hiru militanteren esku jarri zuela. Ordutik, egoitza hori «itzultzeko» exijitu diote Ikasle Abertzaleek Sorturi. Ikasle mugimenduak eskatu izan du Euskal Ikasleen Erakundearen zuzendaritza eta kudeaketa IAren esku uztea, eta bermeak jartzea IAk eta ikasle mugimenduko eragile guztiek egoitza erabili ahal izateko.