«Azken asteetan ikastetxe zein unibertsitate komiteen, kaleko lanaren eta ikasle antolakuntzaren bitartez sortzen joan garen dinamika antifaxistari jarraipena ematea ezinbestekoa da, ikasle langileok faxismoaren aurkako borrokan lehen lerroa hartu behar dugu eta». Aldarrikapen horiek oinarri, IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak mobilizazioak iragarri ditu hilaren 26rako, Faxismoaren eta inperialismoaren aurka mobilizatu lelopean. Larunbatean GKSk egindako mobilizazioak ekarri dituzte gogora: eredugarritzat jo dituzte, eta gehitu «faxismoaren aurkako olatua» ezin dela eten: «Are gehiago, handitzen jarraitu behar du, faxismoari eta agenda inperialistari zentimetro bat bera ere ezin diogulako utzi».
Euskal Herriko «ikasle antifaxistei» mobilizatzera dei egin diete, «orain ikasle langileen garaia» dela nabarmenduta. «Ikasle langileok borrokara batzeko garaia da, historian eta mundu osoan zehar egin bezala, ikasleok faxismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokan lehen lerroa hartu behar dugu». Horrez gain, nazioarteko ikasleei ere dei egin diete, horiek ere «faxismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokara» batu daitezen.
Antolakundeak ohar bidez adierazi duenez, elite ekonomikoek eta agintari politikoek «faxismoan eta inperialismoan oinarritutako agenda bat» ezarri nahi dute krisiaren aterabide gisa. «Ondorioak uste baino azkarrago ari gara bizitzen: alderdi politiko faxisten gorakada, kaleko talde biolentoen ugaritzea eta gazteoi bideratutako propaganda erreakzionarioa», gehitu dute. Eredu horri aurre egin behar zaiola erran dute, eta GKSk larunbatean egindako mobilizazioak norabide horretan «garrantzitsuak» izan zirela. Alde horretatik, «faxismoaren aurkako olatuak» handitzen jarraitu behar duela sinetsita daude; hain zuzen, horregatik antolatu dituzte mobilizazioak: «Faxismoari eta agenda inperialistari zentimetro bat bera ere ezin diogulako utzi».