Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ikastetxe publikotako ikasgeletan kamerak jartzen hasi zen urrian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Hezkuntza komunitateko hainbat eragilek eta sektorek neurri horren kontra daudela adierazi dute hasieratik, eta horietako bat da IAS Ikasle Antolakunde Sozialista, zeinak kamerak jartzearen kontrako boikotera dei egin duen. «Segregazioak, ratio eta azpiegitura arazoek, ikasketen garestitzeak eta abarrek berdin-berdin jarraitzen duten bitartean, irakasle eta ikasleon jarduna kontrolatzeko eta hainbat enpresa aberasteko milioika euro xahutzen dituzte», adierazi dute.
Gogoratu dutenez, ikastetxez ikastetxe martxan jarri zituzten borrokak, eta jakin berri dute Hezkuntza Sailak iragarri duela ikastetxeek aukera dutela kamerak ez jartzeko. «Horregatik, inoiz baino gehiago, presionatzen jarraitzea dagokigu, kamera guztiak kendu arte», gehitu dute.
Hain zuzen, bi ekarpen eginen dituztela adierazi dute: batetik, Eusko Jaurlaritzaren erabakiari helegite bat jartzeko aukerak aztertzen ari dira, ikasgeletan kamerak jartzea «guztiz neurrigabea» dela iritzita; bertzetik, sinadurak biltzen segituko dute —dagoeneko mila ikaslek babestu dute egitasmoa—, eta zuzendaritzei dei egin diete kamerak kentzeko. «Kameren aurkako boikota bultzatzen jarraituko dugu ikastetxe guztietan», adierazi dute azkenik.