LABek salatu du Hezkuntza Saila kamerak instalatzen hasi dela ikastetxe publikoetako ikasgeletan

Sindikatuak salatu du gailu interaktiboen berritzea «aitzakiatzat» hartuta instalatzen ari direla kamerak, baina Jaurlaritzak ez duela hezkuntza komunitatea informatu. «Kontrol» tresnak direla eta «intimitatea» urratzen dutela uste du LABek.

Ikastetxe bateko ikasgela bat, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ikastetxe bateko ikasgela bat, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
edurne begiristain
2025eko urriaren 24a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ikastetxe publikotako ikasgeletan kamerak jartzen hasi da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, hezkuntza komunitatearen onarpenik gabe eta aurrez inolako informaziorik eman gabe, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Hezkuntza zentroetako dispositibo interaktiboak berritzen ari da Jaurlaritza, eta helburu horren «aitzakian» ari da kamerak instalatzen edo horiek jartzen saiatzen, sindikatuaren arabera. Ikasgeletako sabaian paratzen ari da kamera horiek, eta mahai gaineko ordenagailura konektatuta funtzionatuko dute.

Jaurlaritza hainbat ikastetxetan ikasgela digital berriak jartzeko prozesuaren «aitzakiarekin» ari da kamerak instalatzen, LABek dioenez. Ikasgela berri horiek monitore interaktiboa, mahai gaineko ordenagailua, web kamera, hari gabeko mikrofono pertsonala eta gelarako mikrofonoa izango lituzkete, eta baita kamerak ere. LABen iritziz, helburu pedagogorik gabeko tresnak izateaz gain, langileen «kontrolerako» gailuak dira, eta ikasleen «babesa eta intimitatea» arriskuan jarri eta haien «pribatutasuna» urratzen dute.

Gainera, LABen ustez, Hezkuntza Sailak «alde bakarrez» hartu du erabakia, hezkuntza komunitatea osatzen duten langile, familia eta ikasleak aurrez informatu gabe, eta haien onarpenik gabe: «Ez zaie inolako irizpide edo informaziorik eman horien erabileraren inguruan, ezta helburuaren inguruan ere».

«Xantaia» egiten

Are, kamerak instalatu ahal izateko ikastetxeetako zuzendaritzei «xantaia» egiten ari zaizkiela salatu du LABek: «Hainbat ikastetxetako zuzendaritza taldeei adierazi die kamerei uko eginez gero ez dutela gela digitaleko gainontzeko ekipamendurik jasoko». Zenbait ikastetxetako klaustroek uko egin diote kamerak jartzeari, eskola kontseiluan edo klaustroan hala erabakita, eta LABek, jarrera horiek babestu, eta gauza bera egitera animatu ditu gainontzeko ikastetxeak. Halaber, jada instalatuta dauden tokietan kamera horiek ez konektatzeko eta ez erabiltzeko eskatu die.

Sindikatua kezkatuta agertu da irakasleak digitalizazioari neurria hartu nahian dabiltzan honetan Hezkuntza Saila teknologia digitalak «neurrigabe» bultzatzen ari delako. «Teknologia pedagogiara moldatu beharrean, pedagogia teknologiara moldatzera behartzen ari da». LABen iritziz, teknologiek ikasleengan pedagogikoki duten eraginez hausnartzea ezinbestekoa da, eta uste du egokiagoa dela hezkuntza kalitatea hobetuko duten bestelako baliabide pertsonaletan eta azpiegituretan inbertitzea.

LABek salaketa egin ostean, oharra bidali du Hezkuntza Sailak, eta adierazi ikastetxe publikoak «bideokonferentziak egiteko ekipamenduak» jasotzen ari direla. Erantsi dute Europako Next Generation funtsekin finantzatuta daudela, eta urtearen amaierara arte ariko direla ekipamenduak banatzen. «Gela bakoitzak ukipen panel interaktibo handi bat izango du, baita bideokonferentziak errazteko sistemak ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.