HEZKUNTZA

Ikasle errepikatzaileei laguntzeko neurriak ezarriko ditu Espainiako Gobernuak LOMCEn

Wert ministroak ezarritako errebalidak kendu, eta "ebaluazio erakusgarrien" gisara planteatuko dituzte, hezkuntza sistema osoaren egoera neurtzeko.

Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroa, Madrilen. MARISCAL / EFE
Ion Orzaiz.
2018ko azaroaren 9a
09:45
Entzun

El País egunkariak argitaratu duenez, Espainiako Hezkuntza Ministerioak prest du Hezkuntzaren Lege Organikoa aldatzeko proposamenak izeneko dokumentua. Aurretik, Espainiako Gobernuaren webgunean ikusgai paratu zuten bederatzi puntuko zirriborro bat, herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzeko; oraingo honek, ordea, zehaztasun gehiago biltzen ditu, Hezkuntza Ministerioak hartu nahi dituen neurrien inguruan. Horren bidez, LOMCE legea moldatu egin nahi du Isabel Zelaa Hezkuntza ministroak; eta datu berrien argitara, argi dago PSOEk 2006. urtean onartutako LOE Hezkuntza Lege Organikoaren ezaugarri asko berreskuratuko dituela.

Honako hauek dira aipagarrienetako batzuk:

Errepikatzaileak: Berrikuntzen artean dago maila errepikatzen duten ikasleei laguntzeko plana. Horren arabera, ikastetxeek eta irakasleek erabakiko dute kasu bakoitzean erabili beharreko estrategia. Mahai gainean jarri dituzten aukerak dira, besteak beste, ikasle errepikatzaileei eduki pertsonalizatuak ematea eta azterketa ezberdinak ezartzea. Horrez gain, ikastetxeek neurriak hartu beharko dituzte, ikasleek ez dezaten maila errepikatu eta porrot akademikoa murrizteko.

Hezkidetza eta itunpeko ikastetxeak: Itunpeko ikastetxeei dagokienez, Hezkuntza Ministerioak lehentasun gisa hartua du zentro horietako "harrera sistema hobetzea". Kendu eginen dute LOMCE legeak sexu bidezko segregazioari eginiko aipamena —"sexu bidezko hezkuntza bereizia ez da genero bazterketatzat hartuko" dioen puntua—, eta itunen erregimenean lehentasuna izanen dute ikasleak berdintasunean hezten dituzten ikastetxeek. Hezkidetza programak sustatzeko neurriak ere planteatuko dituzte.

Ibilbide curricularrak: LOMCEn jasotako "ikasketa ibilbideak" kenduko ditu erreforma berriak, DBHko aukera curricular guztiek titulazio bera izan dezaten. Gaur egun, Bigarren Hezkuntzako 3. maila bukatutakoan, zirt edo zart egitera behartuta daude ikasleak: Batxilergoa ala Lanbide Heziketa. Horren ondorioz, DBHko 4. mailan, hainbat ikasgaik zailtasun maila ezberdina dute, aukeratutako ibilbidearen arabera. "Segregazio goiztiar horrek Batxilergorako edo goi mailako Lanbide Heziketarako bidea ixten die zailtasunak dituzten ikasle askori", irakur daiteke agirian.

Erlijioa:El País-ek gaur argitaratutakoaren arabera, erlijioak ez do Batxilergoko 1. eta 2. mailetako "eduki espezifiko" izaera izanen, eta ikastetxeentzat ez da betekizun izanen ikasgai hori eskaintzea; hortaz, Erlijioko kalifikazioak ez du espedientean eraginik izanen, unibertsitateko sarbiderako batez bestekoa kalkulatzeko nahiz bekak eskatzeko garaian. Erlijioa ematen ez dutenek, gainera, ez dute ordezko ikasgairik eman beharko.

Ebaluazioa: Debekatu eginen dute ikasleei eginiko ebaluazioak erabiltzea ustezko ikastetxe "onenen eta txarrenen sailkapenak" egiteko. Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 4. mailako errebalidak kendu eginen dituzte, eta, horien ordez, "ebaluazio erakusgarriak" ezarriko dituzte, "hezkuntza sistemaren egoera ezagutzeko".

Edukiak: LOMCE legearen arabera, Espainiako Gobernuak ezartzen ditu "oinarrizko ikasgaiak", eta autonomia erkidegoen esku uzten ditu aukerazkoak nahiz konfigurazio librekoak. Orain, Espainiako Gobernuak 1990eko LOGSE legean ezarritako ehuneko sistemara itzuli nahi du: horren arabera, Espainiako Gobernuak ezarriko du ikasgai guztien edukien %55, hizkuntza koofizialak dituzten erkidegoetan, edota %65, gainontzekoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.