Orri xurian idatzi ditu Seaskako ikasle eta langileen aldarriak Haira Aizpurua Ibargarai bertsolari eta Seaskako ikasle ohiak (Sara, Lapurdi, 2006). Usaiako sorkuntzarako ohiturak berriz pentsatu eta aurtengo Herri Urratseko kantuaren hitzak idatzi ditu: Laku bat orroka. Seaskan bizi izan dituen esperientzietan oinarrituz idatzi du kantua, iruditzen baitzaio azken urteetako kantuen mezuak «unibertsalegiak» bilakatzen ari direla, eta ez dietela ikasle eta ikasle ohien bizipenei oihartzunik egiten. Seaskak zeharkatu dituen borrokak aipatu ditu, «nostalgian ito gabe».
Proposatu zizutelarik hitzak idaztea, nola hartu zenuen proposamena?
Uztaileko egun normal batean, Mizel Zamorak deitu ninduen Herri Urratseko kantua idatzi nahi nuenetz galdetzeko. Proposamena sorpresaz hartu nuen, ez nuelako sekula pentsatu horrelako gauza bat gertatuko zitzaidanik. Ilusioa sentitu nuen, baita euforia ere. Baina berantago ohartu nintzen bazela ardura puntu bat, urtean zehar Herri Urratseko kantua baita gauza inportantea, buruz ikasten dena eskolan eta denetan, eta gero entzuten dena Herri Urrats etorri arte; eta bat-batean nik idaztea ardura handia izan da. Presioz eta arduraz bizi izan dut.
Geroa eraikiz laku bat orroka da aurtengo Herri Urratseko leloa. Kantuan denboraren eta eraikuntzaren nozioekin jostatu zara. Leloa eman zizutelarik, zer bururatu zitzaizun?
Hasieran, Geroa eraikiz baizik ez zidaten eman. Orduan ikusi nuen eraikuntzaren ideia erabiltzen ahalko nuela, baina denborarena ere bai: oraina, iragana eta etorkizuna. Horregatik, kantuan diren erreferentziak hortik dira. Eta, geroago, Laku bat orroka beste leku batetik etorri zen, eta proposatu zitzaien antolatzaileei. Beraz, leloan gehitu zuten. Antolatzaileek, halere, eskatu zidaten Herri Urrats hitzak agerrarazteko, egun horrekin lotzen dugun kantua izan behar zuelako. Baina, bestenaz, doinua aitzin idatzi nituen hitzak, eta hori pixka bat zaila izan zen.
Hain zuzen, bertsolaria zara. Horregatik izan zen zaila?
Hastapenean zaila izan zen, bertsotan ohitua bainaiz doinuarekin sortzen, eta bertsoak ematen baitizu egitura bat. Egia da bertsoaren egiturak etortzen zitzaizkidala hasieran. Eta gero erabaki nuen libreago hartzea, eta erritmoarekin ez ibiltzea bueltaka, eta gehiago ibiltzea erran nahi nuenarekin. Baina poliki-poliki, halere, kantuen egitura pixka bat behatuz, beste urteetako kantuak entzunez egiturak identifikatzen saiatu nintzen, eta askoz errazago izan zen.
Nahiz eta hasieran zaila izan, leku eta laku, borroka eta orroka kontzeptuak etorri zitzaidalarik motibatu ninduen segidarako, hori baitzen zehazki erran nahi nuena.
'Manifak, kantaldiak/ xokoletak, egutegiak/ argindar mozketak'... Seaskako ikasle ohia izan zara. Hitzak eta gaiak atzemateko eta jorratzeko errazago izan da?
Proposatu zidatelarik, ene buruari galdegin nion: nondik idatz dezaket? Erabaki nuen ikasle batek ukaiten ahal dituen esperientziak eta oroitzapenak ekartzen saiatuko nintzela, Seaskako ikasleak identifikatuak sentitu daitezen. Ikasle ohiak eta egungoak. Horregatik, hasieran zerrendatu ditut edozein ikaslek bizi izan dituen egoerak. Hortik jo nuen.
«Nahi nituen iraganeko borrokak aipatu, baina nostalgian ito gabe: oroitzea, memoria lana egitea, baina erromantizatu gabe iragana, eta begiratzea aitzinera ber momentuan»
Azken urteetan, Herri Urratseko kantuetan mezuak aski unibertsalak izaten dira, eta ez dira baitezpada Herri Urratsi zuzenean lotuak. Baina aurten saiatu zara Seaskako bizipenak eta borrokak era esplizituan aipatzen.
Bai, egia da. Iruditzen zait azken urteetako kantuak aski unibertsalak bilakatzen ari direla, batzuetan Herri Urratsi lotzen ez dizkiogun kantu bilakatzeraino. Eta, justuki, erabaki nuen ikasle ohia izanik Seaskako ikasle baten ahotsetik idatzi behar nituela hitzak, eta horretarako saiatu naiz sartzen erreferentzia pila bat Seaskako ibilbidean bizi direnak. Eta, azkenean, Herri Urrats Seaskaren aldeko besta bat da, badena borroka egun bat. Alde aldarrikatzailea ere ekarri nahi nuen.
Zer mezu pasarazi nahi zenuen hitzen bidez?
Errepikak irudikatzen du borrokatzeko behar ditugula harremanak, eta ez badugu gure ingurua zaintzen borrokarako ez dugula indarrik ukanen. Hori zen elkartzearen eta harremana izatearen inportantzia borrokak segitzeko, eta hori Seaskarekin lotzen dut, hainbat gauza bizi izan ditugulako ikasleek eta beste pertsonek. Hori pasarazi nahi nuen. Eta, ondotik, nahi nituen iraganeko borrokak aipatu, baina nostalgian ito gabe: oroitzea, memoria lana egitea, baina erromantizatu gabe iragana, eta begiratzea aitzinera ber momentuan.
Gibelera so, nola bizi izan duzu kantugintzako esperientzia?
Orain egina denez, eta emaitza ikusiz, plazer handia izan dela erran dezaket. Ez nuen sekula kanturik idatzia, eta lehen esperientzia Herri Urratsentzat izateak hunkitu nau. Kantu hori idazteak ireki dizkit sorkuntzarako beste ateak, eta gogoak. Eta nire ingurukoak, lagunak, ikaskide izan direnak harrituak izan dira hori egin izanaz, eta zoriontzen naute. Hori ere polita izan da, erantzuna ikustea, eta biziki ederra izan da sormen prozesua.
LAKU BAT ORROKA
Algekoetan mahai hezeak
bilkura luzeak
“Herri bat, ikastola bat!”
Manifak, kantaldiak
xokoletak, egutegiak
argindar mozketak
karriketan ikasle andana
danborren tarrapatana.
Iraganeko teila porroxkak
orainaren oinarri
zubi erdi bat (da) airean.
Geroak higatu ez ditzan
dilindan diren harriak
altxa ditzagun aldamioak
lora gaitzan lorioak.
Zure begietan atxeman dut
borroka leku bat
ez al duzu entzuten
orroka laku bat?
Etorkizuna arnasten dugu/
ez gaitzan ito nostalgiak.
Txanpon herdoilduak
aluminioz inarrosiak
pegatinez jantzita
gure aldarriak.
Frantsesaren meneko
esku dardartiak
orri xurian idatzi du
“Baxoa euskaraz!”
Geroak higatu ez ditzan
dilindan diren harriak
altxa ditzagun aldamioak
lora gaitzan lorioak.
Zure begietan atxeman dut
borroka leku bat
ez al duzu entzuten
orroka laku bat?