Fernando Tapia: «Ikasleak, lehen-lehenik, bere burua ezagutu behar du»

Urteroko eran, orientazio azokak abian ditu EHUk, karrera hastear duten ikasleen dudetan argitasun apur bat jartze aldera. EHUko Ikasleen errektoreordeak jardun horren garrantzia nabarmendu du.

(ID_13545608) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-01-29, Donostia. Fernando Tapia EHUko Ikasleen errektoreordea
GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako errektoreordetzan hartu du solaserako tarte bat Ikasleen errektoreorde Fernando Tapiak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1969). Gogoa Bilbon eta Gasteizen jarria du; izan ere, bi hirietan orientazio azokak egingo dituzte datozen asteburuetan. Heldu den ikasturtean unibertsitatean hastekoak diren ikasleei EHUren eskaintza aurkezteko izaten dira, hautaketan izan ditzaketen dudak argitzen laguntzeko. Urteak daramatzate orientazio lana indartzen EHUn, eta berebiziko garrantzia duela gogoratu du. Aurtengo lehen saioa Donostian egin zuten, joan den asteburuan: 4.300 lagun inguru batu ziren. Larunbatean Gasteizen egingo dute, Kirol eta Hezkuntza Fakultatean; hilaren 10ean, Bilbon, Sarrikon. 

 

Heldu den ikasturtera begira, zein dira EHUren eskaintzan berrikuntza nagusiak?

Gradu berri bat eskainiko da: Logopedia, Psikologia Fakultatean. Horrekin, 108 gradu izango ditugu.  

Orientazio azoketara nola iristen dira EHUko ikasle izatea pentsatzen ari diren gazteak, askotan oraindik ia nerabe?

Orientazioaren funtzioa zera da, ikasleei laguntzea ikasketak aukeratzen, aukeraketa ona egin dezaten. Horretarako, ikasleak, lehen-lehenik, bere burua ezagutu behar du, eta askotan horri ez zaio erreparatu. Garai batean, faltsua zen dikotomia bat jartzen zitzaigun: «Zer ikasiko duzu? Gustatzen zaizun zerbait edo lan egiteko modua emango dizun zerbait?». Dikotomia hori gainditu dezakegu orientazioaren bitartez. Ikasle bakoitzak gustatzen zaiona ikasi behar luke, eta, bereziki, bere abileziekin, interesekin eta gaitasunekin bat datorren zerbait. Beraz, orientatzaile on batek zera egin behar du lehen-lehenik: aurrean duen gaztea ondo ezagutu, eta ikusi zein diren abilezia horiek, gaitasun horiek. Hori da orientazioaren zeregina: ikasleari tresna batzuk ematea bide horretan. 

Nolakoak dira zuen azokak?

Guk orientazio jarduera askotarikoak egiten ditugu urtean zehar; orientazio azokak dira garrantzitsuenak, agian jendetsuenak direlako. Baina, orientazio azoken aurretik, ikasleak bere ikastetxean egina izan behar du bere orientazio prozesua: bere ikastetxeko orientatzailearekin lan bat egina izan behar du. Guregana etortzen denean, guk unibertsitateari eta titulazioei buruzko informazioa ematen diogu. Horretarako, azoketan hainbat erakusleiho bisita daitezke; gure ikastegietako irakasleak egoten dira, eta ikastegi bakoitzak eskaintzen dituen titulazioei buruzko informazioa ematen dute. Informazioa aurrez aurre ematen da. Gero, izaten dira aldi berean informazio saioak ere: titulazioka. Ikasleek eta familiek aldez aurretik izena eman behar izaten dute horietarako, eta ez dago mugarik: nahi beste saiotan eman dezakete izena. 

Zer informazio nahi izaten du batez ere jendeak?

Batez ere, titulazioen nondik norakoei buruzko galderak izaten dira. Gero unibertsitate zerbitzuei buruzko informazioa ere ematen da: sarbideari buruzko informazioa interesatzen zaio jendeari, bekei buruzkoa, eta bestelako unibertsitate zerbitzuen gainekoa. 

Ondo aukeratzen ez bada, talentua gal daiteke bidean...

Ikasle batek ikasketak ondo ez aukeratzeagatik porrot egiten duenean, talentua galtzen da, baina, beste alde batetik, baliabide publikoak ere galtzen dira; izan ere, beste ikasle batek balia zitzakeen baliabide horiek, bereziki matrikula kopuru txikia eskaintzen duten titulazioetan. Bi alderdiak aintzat hartzekoak dira.

Jaiotze tasa txikiaren ondorioak argiak dira derrigorrezko hezkuntzan. Heldu dira EHUra?

Ez, matrikulazioek gora egin dute oraingoz. Baina badakigu urte batzuen buruan sumatuko direla piramide demografikoaren aldaketaren ondorioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.