Espekulazioaren kontra. Espekulazioaren «konplizeen» kontra: alegia, erakundeen eta «politikari profesionalen» kontra. Eta etxebizitza eskubidea bermatzearen alde. Dozenaka ikaslek itxialdiak hasi dituzte EHUren Leioako (Bizkaia), Donostiako eta Gasteizko campusetan, eta NUPen Arrosadiko campusean, Iruñean.
Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra izango da etzi Hego Euskal Herrian. Itxialdiaren bidez, greba deialdia «hauspotu» nahi dute, eta herritarrei eskatu diete bat egiteko grebarekin. Ikasle batzordeek bultzatu dute itxialdia.
IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak ohar batean azaldu du itxialdiaren bidez agerian utzi nahi dituztela etxebizitzaren negozioak ikasleei eragiten dizkien bi arazo. Bata, ikasle pisuen eta ikasle egoitzen egoera urtetik urtera «kaskarragoa» dela eta prezioak «itogarriak» direla. Kostu horiek arintzeko neurriak ez hartzea egotzi diete Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, EHUri eta NUPi. IASen datuen arabera, alokairuen prezioak %23,74 igo dira 2021etik; bekak, berriz, %7-12. Bestea, «kolore guztietako udalek» herritarrak etxegabetzen jarraitzen dutela. IASek salatu du etxebizitza merkatuaren egoerak zuzenean eragiten diela ikasleen familiei, eta etxebizitzarik gabe ezin dela bermatu kalitatezko heziketa prozesurik. Etxegabetze guztiak bertan behera uzteko eta errenten prezioak merkatzeko eskatu du.
Sozialismoaren aldeko borrokarekin bat egiteko eskatu die ikasleei, eta bat egiteko greba egunean Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzten zutabeekin.Â