«Ikastolan bazkaldu behar dugu. Zer egin dezakegu, Olentzero?»

Ehunka lagun bildu dira Hernanin, Langile Ikastola herri ikastetxeko jangelan gertatutakoa gogoratu eta eskaintza duin bat eskatzeko.

Jangela duinen alde
Jangelan zerbitzu duin bat eskatzeko elkarretaratzea, abenduaren 24an, Hernanin. BERRIA
jon ordonez garmendia
2023ko abenduaren 24a
13:00
Entzun

Hernaniko (Gipuzkoa) Langile Ikastola ikastetxe publikoko ehunka ikasle eta guraso herriko plazan bildu dira gaur, gogora ekartzeko jangelan ematen dieten janariaren auzia. Bi ikaslek Olentzerori zuzendutako gutun bat irakurri dute, eta jangelan duten egoera azaldu dute. «Zergatik ekartzen digute Logroñotik janaria egunero? Zergatik ez digute hemen sortutako eta prestatutako otorduak eskaintzen?». «Jangela duina» zioten afixak zituzten esku artean hainbat haurrek.

Gutun horretan, azaldu dute duela gutxi plater batean har bat aurkitu zuela ikasle batek, beste egun batean ezin izan zituztela babarrunak jan egoera txarrean zeudelako, batzuetan fruta ustela egoten dela, beste batzuetan ogia gogorra, eta gehienetan ezin dutela bigarren platera jan bigarren txandakoei iristen ez bazaie horiei uzteko. «Orain mesfidantzaz begiratzen diogu platerari, beste har bat edo zerbait okerragoa aurkitzeko beldur garelako. Baina guk jangelan bazkaldu behar dugu. Zer egin dezakegu, Olentzero?».

Langile herri ikastetxekoa ez da kasu bakarra izan. Duran, Zigoitian eta Murgian ere (Araba) arazoak egon dira jangeletako janariaren eskaintzarekin. Udazkenean azaleratu ziren salaketak, eta, Hernaniko Langile Ikastolan plater batean har bat topatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak espediente bat ireki zion Serunion enpresari. Arabako hiru herri horietan gertatu zenagatik, hiru espediente zabaldu zizkioten enpresari, horietako bat kontratua bertan behera uztekoa, eta 40.000 euroko isuna jarri zion.

Gaurko elkarretaratzean, ardura eskatu dute ikasleek eta gurasoek. «Aurten, Olentzero eta Mari Domingi maiteak, janari duina eskatu nahi dizuegu jangelan. Gure elikaduraz arduratzen direnek gure osasuna kontuan hartzea eta gure eskubideak interes ekonomikoen gainetik kokatzea. Gure ustez, eskaera oinarrizkoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.