Ikastolek logo eta lelo berriak dituzte

Betiko balioekin garai berrietara egokitzen ari direla irudikatu asmo dute. '1kastolak' izango da logoa, aurretik izar moduko bat duela; leloa berriz, hauxe: 'Bagatoz!'

Barruso eta Artola, lelo eta logo berria eskuetan dituztela. BERRIA
Barruso eta Artola, lelo eta logo berria eskuetan dituztela. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko irailaren 24a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antzaldatu egin dute Ikastolen Elkartea: logo eta irudi berria dute. Marka «garai berrietara» egokitzea dute xede eta, aurreratzean, 1kastolak izango dute logo, aurretik izar moduko bat jarrita; leloa, berriz, hauxe: Bagatoz!. Bihar aurkeztuko dituzte jendaurrean aldaketak, Ikastolen Elkartearen ikasturte hasierako ekitaldian.

Aski ezaguna da ikastolek orain arte izan duten irudia: Euskal Herriko mapa, erdian koloretako iturri moduko batekin. Orain, baina, aldatzea erabaki dute, «aldi berrira» egokitzeko. Agurne Barroso Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak eta Nekane Artola lehendakariak eman zituzten atzo azalpenak komunikabideen aurrean. «Ikastolok marka berria estreinatu dugu. Erronka berriak ditugu euskal gizartean, eta ikastolek ilusioz heltzen diegu erronka berriei, ikuspegi berrietatik jardunez, egitasmo berriak sortuz, erantzun berriak eskainita; eta, orain, marka berriarekin».

marka ikastolak
Ikastolen logo berria. IKASTOLEN ELKARTEA

Logoak, ezkerrean, izar itxurako ikur bat du. Sarea irudikatzen du: «Horixe baikara: ikastola bakoitzean komunitate bat, saretuta, eta Euskal Herriko ikastola guztien artean beste komunitate bat, hura ere saretuta. Ikastolak». 1kastolak hitza dago segidan. Hitz hasierako 1 horrekin bat direla erakutsi asmo dute: «Zazpiak bat. Edo 115ak bat» —115 ikastola dituzte—. Eta ausardia: «Historikoki erakutsi dugun ausardia ere jasotzen du i hizkiaren ordez zenbaki bat sartzeak. Eraldatzaileak gara, geure burua eraldatzeko prest gaudelako». Amaierako k ere ez da ausazkoa: «Horrekin plurala egiten dugu, gure arteko aniztasuna aldarrikatzeko, eta, aldi berean, kolektibo bat garela erakusteko. Asko gara, ezberdinak gara. Denok gara ikastola».

Betiko balioekin, aldi berri batera

115 ikastola Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. 55.500 ikasle. 46.000 familia. 3.700 langile. Nabarmendu dute ikastolen sarearenak ez direla nolanahiko zenbakiak. «Biharko euskal herritarrak gaurtik hazten dituen hezkuntza sare eraldatzailea osatzen dugu».

115

 

Ikastola kopurua Ikastolen Elkarteak 115 ikastola ditu, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Horietan 55.500 ikasle dituzte, 46.000 familiatakoak, eta 3.700 pertsonak lan egiten dute.

Bagatoz leloa hautatu dute. Aldi berri batera jauzi egiteko prest daudela adierazteko: «Ikastolak atzo, gaur eta biharkoak gara. Joan den mendean sortu ginen, euskara debekatua zegoenean, gaurko euskaldunak hezteko. Eta euskara ofiziala den zein ez den lurraldeetan ari gara lanean gaur, gure garaiko erronkei helduz: pertsonen aniztasuna eta berdintasuna, kulturen arteko harremanak, denon lurraren geroa, garapen pertsonala eta elkarren zaintza, lan mundua eta gizarte onura...».

Ildo horretan, hainbat proiektutan lanean ari direla azaldu dute: hezkuntza marko orokorra zehaztu zuten, eta, orain, horren araberako ikasmaterial berriak ekoitziko dituzte; hizkuntza proiektuak eguneratzen ari dira; aniztasunari erantzuteko «begirada propioa eta berritzailea» garatzen ari dira; eta digitalizazioaren eta burujabetza digitalaren gaineko hausnarketa egingo dute, besteak beste. Berritu bai. Baina, aldi berean, betiko balioei eutsita arituko direla nabarmendu dute: auzolana, naziotasuna, euskalduntasuna... «Balioak ez dira aldatzen; proiektuak bai, garaiekin eta pertsonekin batera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.