«Azken hiru urteetan egin den matrikularen kudeaketak ez du balio segregazioa bukatzeko». Oso irmo mintzatu dira Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Unai Mendizabal Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko idazkaria Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azken hiru urteetako matrikulazio prozesuez; gaur goizean egin dute agerraldia, Gasteizen, hainbat ikastolatako ordezkariek babestuta. «Ikastolen Elkarteak azken hiru urteetako matrikulazio prozesuen balorazio oso kritikoa egiten du», nabarmendu dute.
Ikusi gehiago
Kritikaren jatorria Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023ko maiatzaren 30ean onartutako matrikulazio prozesua arautzeko dekretua da. Hezkuntza Sailak behin baino gehiagotan zehaztu izan du xedea: «ikasle zaurgarriak» ikastetxeen artean modu orekatuagoan banatzea, eta, horrenbestez, segregazioa murriztea. Ikastolen Elkarteak dio ekinean ari direla ikasle horiek ere hartzeko: «Dekretuaren helburuetako bat eskolaratze inklusiboa eta ekitatiboa sustatzea izan zen, ikasle guztiek matrikulatzeko garaian aukera berak izan ditzaten bermatzea. Helburu hori Ikastolen Elkartea osatzen dugun ikastolen helburua ere bada, eta lanean gogor dihardugu ikasle zaurgarriak ikastoletara ere etor daitezen».
«Lanean gogor dihardugu, ikasle zaurgarriak ikastoletara ere etor daitezen»
IKASTOLEN ELKARTEA
Alta, Ikastolen Elkartea ez dago ados Hezkuntza Sailaren jokamoldearekin. Uste dute segregazioari aurre egiteko jasotzen diren neurri horiek ez diotela «modu eraginkorrean» erantzuten helburu horri. Hortaz: «Neurri hauen balorazio sakona eta partekatua behar dela uste dugu, lortutako emaitzak eta sortutako albo kalteak baloratzea».
Horren atzean, nabarmendu dutenez, besteak beste, ikasle bat zaurgarri edo ez-zaurgarri gisa izendatzeko darabilten galdetegia dago. Familiek aurrematrikula egiterako bete behar dute, familien egoera «sozioedukatiboa» ebaluatzeko. Ez dute errentaren berri-eta eman behar; inkestarekin, bestelako galdera batzuei erantzun behar izaten diete: esaterako, zenbat liburu dituzten etxean eta gurasoek zer ikasketa maila duten. «Zaurgarritasun indizeak kalkulatzeko erabiltzen ari den formula ez da egokia, ezta sinesgarria ere», salatu dute ikastoletako ordezkariek. Deitoratu dute inkesta horrek ez dituela «datu fidagarriak» ematen, eta, ondorioz, «esleipen politikak» ez dira «zuzenak». «Premiazkoa da sistema zehatzago, egiaztagarriago eta bidezkoago bat garatzea».
Hezkuntza Sailak, zaurgarritasun indize hori oinarri hartuta, zenbaitetan erabaki du umeak ez bidaltzea gurasoek lehen aukera gisa hautatutako ikastetxera. Alta, Ikastolen Elkartearen irudiko, mugimendu horiek «oso mugatuak» izan dira, eta, horrenbestez, ez dira nahikoa «sareen arteko oreka» erdiesteko.
Zaurgarritasuna orekatzeko beste modu bat matrikula bizia da; alegia, ikasturtean zehar iristen diren ikasleak ikastetxe batera edo beste batera bideratzea. Ikastolen Elkartearentzat, neurri eraginkorra da, «banaketa orekatuagoa» egiten ari dira orain, eta «nabarmen» handitu da ikasturte barruan ikastoletan matrikulatzen dituzten atzerritar jatorriko ikasleen eta ikasle zaurgarrien kopurua; hala ere, diotenez, oraindik ez dira nahikoa: «Uste dugu banaketa hau asmo jakin batekin egiten dela, eta ikastoletara ez dela bideratzen dagokigun kopurua».
Areago: salatu dutenez, dekretuak zuzen-zuzenean ikastolei eragiten die. Txarrerako. Nabarmendu dutenez, inon jasota ez badago ere, Hezkuntza Sailak mugatu egin du ikastoletan matrikulatzeko ikasleen kopurua, geletan lekuak libre egonagatik ere. «Zenbaitetan gela kopurua ere mugatu dutela esan dezakegu, alde bakarrez hartutako erabakien bidez eta Hezkuntza Sailak inolako argudio sendorik eman gabe. Horren guztiaren ondorioz, ikastolen matrikulazio gaitasuna kaltetu egin da».
Proposamenak eta konpromisoak
Kritika ez ezik, proposamenak ere egin dizkiote administrazioari, «hezkuntza sistema inklusiboago eta bidezkoago bat» eratzeko. Horietako bat zera da: zaurgarritasun indizea kalkulatzeko «datu eta adierazle objektiboetan oinarritutako formula berri bat» garatzea. Irizpide batzuk aipatu dituzte: familiaren errenta, ondasunak, lanbidea bermatua duten ala ez... Gainera, herrietako eragin eremuen diseinua berrikustea nahi dute, udal matrikulazio-bulegoak sortzea, baita matrikula bizia «egoki» baliatzea ere. Eta ikastolak aintzat hartzea: «Ikastolak, hezkuntza proiektu eta eskaintza moduan, tresna bat dira Euskal Herriko hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean. Beraz, Euskal Herriko edozein familiak izan behar du aukera ikastoletako kide izateko. Horretarako, hezkuntza zerbitzu publikoa eskaintzen dugun ikastetxe guztiei trataera bertsua ematea aldarrikatzen dugu, eskaintza eskabideen arabera egokituz eta kasu honetan ikastoletako matrikulazio gaitasunari kalte egin gabe».
«Ikastola hautatu duten familia guztiek gurean jarraitzeko aukera izan dezaten lan egingo dugu»
IKASTOLEN ELKARTEA
Baina, Hezkuntza Sailaren zain egoteke, Ikastolen Elkarteak hartu ditu hiru konpromiso ere. Bat: ikastola guztietan beka sistema propio bat ezarriko dute irailetik aurrera, «ikasle guztien sarbide unibertsala bermatzeko». Jada ezarrita dago zenbait ikastolatan, baina ez diote nahikoa irizten. «Ikastola guztietan beka sistema propioa eta koordinatua ezarriko dugu. Horrela, inor ez da kanpoan geratuko, eta ikastolen komunitateak elkartasun mekanismo sendo baten bidez bermatuko du aukera berdintasuna». Bi: etxetik euskara jasotzen ez duten ikasleak euskalduntzeko plan berri bat onduko dute. Datorren ikasturtetik aurrera herri mailako murgiltze guneak martxan jartzea proposatzen dute. Aurrerago emango dituzte proiektuaren inguruko xehetasunak. Eta hiru: «Ikastola hautatu duten familia guztiek gurean jarraitzeko aukera izan dezaten lan egingo dugu. Gure konpromisoa argia da, eta, horretarako, ikastolei laguntza eta babes osoa emango diegu behar duten guztian».