Familien %95ek eskatutako ikastetxean lortu dute plaza, Jaurlaritzaren arabera

Pedrosak iritzi dio txalotzekoa dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lehen aukerak gailentzea, «testuingurua gero eta konplexuagoa» dela kontuan izanda. Segregazioari aurre egiteko neurri eta laguntza gehiago jarriko dituztela iragarri du sailburuak.

Donostiako Ategorrietako Zuhaizti ikastetxea, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostiako Ategorrietako Zuhaizti ikastetxea, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko maiatzaren 29a
11:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Datorren ikasturterako matrikulazio prozesuaren balorazioa egin du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta prozesua «normala eta eraginkorra» izan dela ondorioztatu du. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak sistemaren eraginkortasuna nabarmendu du, aukeratutako ikastetxera bideratzen baititu familiak: «Familien %95ek plaza lortu dute lehen aukera gisa aukeratu zuten ikastetxean». Pedrosaren arabera, datu horrek erakusten du sistemak «ondo funtzionatzen» duela.

Are gehiago, sailburuak uste du txalotzekoa dela sistemak lehen aukeraren alde egitea 2025-2026ko ikasturterako matrikula gehienetan, jakinda Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «egoera gero eta konplexuagoa» dela. Horiek horrela, segregazioari aurre egiteko neurri eta laguntza gehiago jarriko dituztela iragarri du Pedrosak. Ez du zehaztu zeintzuk izango diren. Gaur egin duen agerraldian argitu duenez, segregazioari aurre egiteaz gain, neurri horiek baliagarri izango dira «hezkuntza sistemaren kalitatea eta ekitatea bermatzeko».

Segregazioari aurre egiteko, ikastetxe guztiek irizpide «argi, komun eta gardenekin» garatu behar dituzte matrikulazio prozesuak. Pedrosak azpimarratu duenez, matrikulazio prozesua irizpide bateratu horien arabera egiteak modua ematen du «ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta baldintza beretan jaso ahal izateko».

Bermeoko (Bizkaia) bost familiak haien aukera baztertu egin zela salatu eta biharamunean heldu da Hezkuntza sailaren agerraldia. 2-3 urteko seme-alabak dituzte familia horiek, eta datorren ikasturtean Bermeoko San Frantzisko eskola publikoaren alde egin zuten aurrematrikulan. Jaurlaritzak, ordea, «zaurgarritzat» jo ditu, eta bi itunpeko zentrotara bideratu ditu. Atzo egin zuten agerraldia egoera salatzeko, eta, nahiz eta Hezkuntza Sailak segregazioari aurre egiteko neurritzat duen, bost familia horiek adierazi dute kaltegarria dela «zaurgarritasuna banatzeko helburua dela-eta» ikasleak haien familiek aukeratu ez dituzten ereduetara bideratzea: «Zaurgarritasunaren izenean, gure seme-alabei hezkuntza eta eskola publikorako sarbidea ukatu zaie, eta, intentzioa ez bada ere, arriskua dago gure umeak bizitza guztirako zaurgarri moduan egoteko».

Publikoak eta itunpekoak, elkarlanean

Zaurgarritasunaren ondorioak apaltzeko, sare guztien lankidetza «nahitaezkoa» dela uste du Hezkuntza Sailak. Izan ere, Jaurlaritzaren iritziz, ikastetxe publikoen eta pribatuen arteko lankidetza horri esker, «eskola segregazioa apaldu» eta «[hezkuntza] sistemaren kohesioa eta aukera berdintasuna zaindu» egiten dira. «Sare edo ikastetxe bakoitzaren egoeratik harago, denen onerako da [elkarlana]», adierazi du Pedrosak.

Horrenbestez, bai ikastetxe publikoei bai itunpekoei eskua luzatu die eskola segregazioari buruzko lan mahaian parte hartu dezaten: «Mahaiak, begirada sozial eta solidarioa oinarri hartuta, elkarrekin eta erantzukidetasunez aurrera egiteko balioko du, baita inertziak aldatzea dakarrenean ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.