Ikastolen Elkarteak sormen jaialdi bat egingo du ikasleekin, Arrasaten (Gipuzkoa), apirilaren 25ean: Piztu Plaza. Ikasleak atera nahi dituzte plazara, Batxilergokoak eta lizeokoak, eta egun osoko egitaraua ondu dute, ikasle horiei «protagonismo osoa» emanda.
«Piztu Plaza ikastolen mugimenduak euskararen eta euskal kulturaren alde egiten duen apustu estrategiko baten adierazpena da», nabarmendu du Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak, gaur egin duten aurkezpenean. Hain zuzen, nabarmendu dutenez, xedea da euskal kulturaren egungo plaza «astintzea», «euskarak eta euskal kulturak jauzi bat egin ahal izateko baldintzak sortzeko». Eta, hori guztia, gazteak erdigunean jarrita: «Gazteei protagonismoa eman eta euskarazko sormena erdigunean jarri nahi dugu. Piztu Plaza egitasmoarekin, argi erakutsi nahi dugu gazteak ez direla soilik etorkizuna, oraina ere badirela».
Ikasturte osoko prozesuaren emaitza izango da Piztu Plaza: ikasleek urritik aurrera eman zuten izena proiektuan; otsailetik martxora, sormen tailerrak egin dituzte kultur eragile profesionalekin, eta hilabeteotan euren kabuz ere aritu dira lanean eta entseatzen, emanaldiak prestatzeko. Azaldu dutenez, Piztu Plaza proiektu pilotua da, eta datozen urteetan «indartu eta zabaldu» asmo dute.
egitaraua
HERRIKO PLAZA.
- 11:00. Almen eta Gaztelupe ikastolen hasiera ekitaldia.
- 11:30. Azpeitiko ikastolaren elektrotxaranga.
- 18:45. Ander Deuna ikastolaren musika kontzertua.
- 19:00. Almen eta Gaztelupe ikastolen amaiera ekitaldia.
BITERI PLAZA
- 12:00. Aranzadi ikastolaren antzerkia.
- 12:30. Etxepare ikastolaren antzerki musikatua.
- 13:00. Azpeitiko ikastolaren elektrotxaranga.
KULTUROLAKO TUNELA.
- 14:00. Herri bazkaria.
- 16:30. Inprobisazio dinamikak.